Eneit Bertiz sunbildarra eta Aimar Otxoteko lesakarra Euskal Herriko mendi duatloi txapeldun bikoteka

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 23a

Euskal Herriko Mendi Duatloi txapelketako bikotekako podiumean, Eneit Bertiz eta Aimar Otxoteko txapeldun eta Koldo Herrera eta Aitor Aizkorbe bigarren.

Urriaren 18an Kanpezun (Araba) jokatutako proban bigarren izan ziren Koldo Herrera sunbildarra eta Aitor Aizkorbe goizuetarra

Euskal Herriko mendi duatloiaren txapelketa jokatu zen urriaren 18an Kanpezun (Aaba), eta bikotekako sailkapenean, Eneit Bertiz sunbildarra eta Aimar Otxoteko lesakarra txapeldun suertatu ziren. Bigarren postua eskuratu zuten Koldo Herrera sunbildarrak eta Aitor Aizkorbe goizuetarrak. Podiumeko hirugarren koxkara Jokin Askaray eta Xabier Sanchez igo ziren.

Euskal Herriko Mendi Duatloi zirkuituaren barrenean, Ioar kirol elkarteak antolatutako probak hiru sektore zituen. Lehenengoan, 6,29 kilometroko mendi lasterketa egin behar zen, 172 metroko desnibel positiboarekin, bigarrenean, 19 kilometro mendi bizikletaz, 624 metroko desnibelarekin eta hirugarrenean kilometro eta erdi lasterka, 18 metroko desnibelarekin. Otxotekok eta Bertizek ordubete, 26 minutu eta 36 segundo behar izan zituzten lasterketa burutzeko. Herrera eta Aizkorbek, berriz, ordubete, 29 minutu eta 14 segundo behar izan zituzten.

Eneit Bertiz eta Aimar Otxoteko, Euskal Herriko Mendi Duatloi txapeldunaren maillotekin.

Eneko Aramendia eta Eneko Herrera sunbildarra laugarren izan ziren (1.36.54), Hodei Aleman iruritarra eta Martin Etxabe erratzuarra zazpigarren izan ziren (1.39.26) eta lehen bikote mistoa Ainhoa Etxegarai beratarrak eta Asier Biurrarena lesakarrak osatutakoa izan zen (1.44.25), bigarren Oihana Arruti lesakarra eta Mattin Sanzberro etxalartarrak osatutakoa (1.46.24) eta hirugarren Olatz Iturralde baztandarra eta Asier Antuña sunbildarrak osatutakoa (1.52.50).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun