Aritz Zubiri goizuetarra Ansa II.arekin ariko da, Josetxo Ezkurra II.a doneztebarra Larrañagarekin eta Aritz Juanenea saldiastarra Segurolarekin
Endika Barrenetxeak ez du txapelketa jokatuko, aitatasunagatik baja baita. Azken urteekin alderatuta, Javier Urriza ere ez da izanen, joan den udan erremonte profesionaletik erretiratu baitzen.
Lau bikotek osatutako lehen fasea jokatuko da, eta denek elkarren aurka jokatu beharko dute itzuli bikoitzean.
Bederatzi jardunaldi izanen dituzte: urriak 25, azaroak 1, 7, 15, 22, 29 eta abenduak 6, 13 eta 20.
Partidak set formatuan jokatuko dira. partida hasiera batean 15 tantoko bi setek osatuko dute, baina bikote bakoitzak set bat irabazten badu, hirugarren set bat jokatuko da 8 tantora partida irabazten duen bikotea zehazteko.
Ligaxkako puntuazio sistema honako hau izanen da: Lehen bi setak irabaziz (2-0) 4 puntu; Lehen seta bat irabaziz eta hirugarrena (2-1) 3 puntu; Lehen bi setetako bat irabaziz (1-2) puntu 1; Set bakarra irabazi gabe (0-2) 0 puntu; eta Partidaren amaieran 15 tantoak lortu gabe -1 puntu.
Lehenengo fasean lehenengo amaitzen duenak zuzenean lortuko du finalerako sailkapena. Bigarren eta hirugarren sailkatuek finalerdi bat jokatuko dute eta laugarren sailkatua kanporatua izanen da. Finalaurreko partida jardunaldi bakarrean jokatuko da eta abenduaren 27ko jaialdian jokatuko da.
Finala 2026ko urtarrilaren 3an jokatuko da. Ligaxkan lehen postuan geratu den bikoteak finalerdiko irabazlearen aurka jokatuko du. Ezkurra II.a-Azpiroz bikotea izan zen iazko irabazlea.
Bigarren Mailakoan bertze lau bikote
Bigarren mailako txapelketa ere aurkeztu zen eta aurtengoa hirugarren edizioa izanen da. Ez da eskualdeko erremontistarik izanen. Lehen mailakoaren antzeko formatua izanen du, lau bikote izanen ditu eta itzuli batera jokatuko da ligaxka: Deskarga-Martirena, Aiestaran VII.a-Aiestaran VI.a, Gurrutxaga-Eskudero eta Goikoetxea V.a-Goikoetxea VI.a.
Itzuli bakarrera jokatuko da, eta lehenengoa zuzenean sailkatuko da finalerako, eta bigarren eta hirugarren sailkatuek finalerdia jokatuko dute. Ligaxkako azken sailkatua kanpoan geratuko da.
Egutegia lehen mailakoaren berdina izanen da. Baita txapelketako arauak ere.
Txapelketaren berritasun handienetako bat Julen Deskarga hernaniarrak profesionaletan azaroaren 7an eginen duen debuta da, Ibai Martirenarekin batera.
Bonuak salgai
Binakako txapelketaz gozatu nahi duenak bonuak erosteko aukera paregabea du. Aste honetan bertan jarriko dira salgai www.galarretajaialai.com eta www.oriamendi.eus webguneetan, eta % 40ko deskontuarekin datoz. Jaialdietarako sarrerak ere eskuragarri daude.