Hilabete honetan ere beraien aldarrikapenak karrikara atera dituzte Baztan-Bidasoko pentsiodunek

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 21a

Urriko elkarretaratzea atzo Beran egin zuten Baztan-Bidasoko pentsiodunek. 28 lagun bildu ziren. 

Hasteko Guttieneko pentsioa=guttieneko soldata leloa hartu zuten hizpide pentsiodunek. 145.000tik goiti lagunek aldarrikapen hori babestu arren, «Eusko Jaurlaritza osatzen duten bi alderdiek modu itsusian horren inguruko eztabaida baztertu izana» kritikatu zuten, «demokraziari iruzur zuzena eginez». Orain borrokak «bertze molde bat» hartuko duela aipatu zuten, eta Nafarroako kasuan, «aurrekontuen eztabaida egiten ari diren momentuan txertatuko da guttieneko pentsioa guttieneko soldatarekin parekatzeko eskakizuna».

Pentsiodunen borrokarekin bat eginez, larunbatean Madrilen pentsiodunen elkarteek deituta, manifestazioa egitekoa dela ere erran zuten: «Euskal Herrian astero egiten diren mobilizazioetako aldarrikapenek oihartzuna izanen dute Madrilgo karriketan». Eta Baztan-Bidasoko pentsiodunek atzo argitu zutenez, «guttienez ekonomikoki lagunduz, bat eginen dugu ekimenarekin».

Elizondoko Benito Menni zentroko langileen borrokaz ere oroitu ziren: «Beraien lan baldintzen eskakizunekin segitzen dute. Ematen duten zerbitzuak publikoa izan beharko luke, baina enpresak bere interesak betetzeko, enplegu murrizketa eta lan baldintza kaxkarrekin segitzeko ez du eskrupulorik izan». Pentsiodunek mobilizazioetan parte hartzeko deia egin zuten. 

Baztango lehen mailako osasun arretaren «gabeziak» ere salatu zituzten: «Ez du argirik ikusten». Horren harira, azaroaren 6an Elizondoko Arizkunenean egitekoa den mahai ingurura joateko gonbita egin zuten: «Nafarroako Osasun Plataformako kide batek, lehen arretako mediku batek eta Baztango alkateak parte hartuko dute, Baztango Osasun Plataformako kide batek zuzenduko duen solasaldian. Eduki interesgarriak esplikatzeko gaiak dira, aunitz ikasteko aukera izanen da».

Eta aitzineko hitzorduetan bezala, palestinarrei elkartasuna adieraziz eta Israelgo Gobernua egiten ari den genozidioa salatuz akitu zuten atzoko elkarretaratzea: «Bakea hitza lau haizetara zabaldu bada ere, egoera baketsua ez da inola ere gauzatu». Hala, «palestinar guzien askatasuna eta beraien herrian libre bizitzeko eskubidea errespetatzeko mobilizatzen» segituko dutela nabarmendu zuten. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun