Zazpi jatetxek parte hartuko dute XXXIII. Ehiza Jardunaldi Gastronomikoetan

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 20a

Baztan-Bidasoa Turismo Elkarteko Mikel Albisu jardunaldiak aurkezten, parte hartuko duten jatetxeetako eta babesleen ordezkariekin. Argazkia: Alicia del Castillo

Urriaren 18tik abenduaren 8ra bitarte Baztan-Bidasoko zazpi jatetxek eskainiko dituzte ehizarekin lotura duten menuak, 35-50 euro arteko prezioan. Eta Jardunaldi Gastronomikoekin batera, XI. Argazki Lehiaketan parte hartzeko aukera ere ireki dute, azaroaren 24ra arte.

Urriaren 18tik abenduaren 8ra ehizaren zapore bereziez gozatzeko aukera izanen da gure inguruan, Baztan-Bidasoa Elkarteak, Pirineos Exdim, ANAPEH eta Baztango Ehiza eta Arrantza Elkarteren babesarekin antolatutako Baztan Bidasoko Ehiza Jardunaldi Gastronomikoen hogeita hamahirugarren edizioaren harira. Aurten zazpi jatetxek parte hartzen dute: Arantzako Pabloenea jatetxea, Burlada jatetxea eta Arantzako aterpea; Donamariako Benta eta, Baztanen, Elbeteko Posada, Iruritako Olari jatetxea eta Oronoz-Mugairiko Urgain jatetxea. Hain zuzen, azken honetan egin dute jardunaldien aurkezpena astelehen goizean.

XI. argazki lehiaketa ere

Azken urteetan bezala, Ehiza Jardunaldi Gastronomikoekin batera argazki lehiaketa ere eginen dute, XI. argazki lehiaketa gastronomikoa, hain zuzen. Ehiza platerei argazkia atera eta azaroaren 24a baino lehen bidali behar da Baztan-Bidasoa Elkartearen WhatsApp-era: 608 54 48 00. Azaroaren 28an irabazlearen izena argitaratuko dute, eta sari gisa, parte hartzen duten jatetxeetako batean bazkari edo afari bat izanen du irabazleak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun