Otxandorena eta Otano dira binakako erremonte profesionaleko lehen finalistak

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 20a

Agirrezabala, Iturregi, Otano eta Otxandorena, tartean Insausti epailea dutela, larunbatean Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan jokatutako partidaren aitzinetik. Urdinek irabazi zuten baina gorriak izanen dira finalean.

Euskal jai Erremonte Fundazioak eta E•remonte Iruña enpresak antolatutako binakako erremonte profesionaleko txapelketa Reino Gourmet Sari Nagusiko finala azaroaren 1ean jokatuko dute Luzaiden. Eloy Otxandorena doneztebarrak eta Otanok, larunbatean Donezteben Xuban Iturregi iruritarraren eta Agirrezabalaren kontra 32-35 galdu arren, lortu zuten finalerako txartela. Izan ere, finalerdiko joanekoan 35-20 irabazi zuten Otxandorenak eta Otanok, min hartutako Uterga ordezkatu duen Iturregiren eta Barricarten kontra. Donezteben, bikote “titularreko” erremontistarik ez zen izan, baina Uterga ordezkatu zuen Iturregik eta Barricart ordezkatu zuen Agirrezabalak “ohorearen” garaipena lortu zuten, baina ez dute aski finalean sartzeko.

Larunbatean Donezteben 32-25 galdu zuten Iturregiren eta Agirrezabalaren kontra, baina joaneko aldea baliatu dute azaroaren 1ean Luzaideko finalean izateko

Doneztebeko jaialdiko lehen partidan, Doneztebeko erremonte eskolatik profesionaletara salto egin duten lau erremontista aritu ziren, doneztebarren eta oiztarren arteko lehian: Koteto Ezkurra III.a eta David Mitxeo doneztebarrek 30-22 irabazi zieten Mikel Mikelarena eta Xuban Ilarregi oiztarrei.

Bertze finalerdiko itzulerakoa urriaren 25ean jokatuko dute Irunberrin, Matxin III.ak eta Ionek, Zeberio II.aren eta David Mitxeo doneztebarraren kontra. Hemen lehia estuagoa izanen da finalerako txartela lortzeko. Izan ere, finalerdietako joanekoan, tanto bakarragatik nagusitu ziren Matxin III.a eta Ion.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun