Foruzaingoko komunikazio taldearen aldetik euskaldunen aurkako «tratu iraingarria» salatu du Behatokiak

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 18a

Argazkia: O. Los Arcos. Foku

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jakinarazi duenez, duela egun batzuk Euskararen Telefonoan erregistratutako kexa bat helarazi zuen Nafarroako Foruzaingora, sare sozialetako euskararen erabilera traketsari buruz. Euskaraz idatzita egoteagatik kexa artxibatzeaz gain, Foruzaingoaren komunikazio taldeko erantzunak «euskara eta herritar euskaldunak gutxietsi eta iraintzen» dituela salatu du Behatokiak.

Behatokiak esplikatu duenez, «sare sozialetako euskararen erabilera traketsari buruzko kexa izanik, komunikazio taldera bideratu zuten», baina ondorengo erantzuna jaso zuen Behatokiak komunikazio talde horren e-mail korporatibotik: «Nos gustaría recibir esta comunicación también en castellano, con el fin de poder entenderla y contestarla. Es incomprensible cómo no se utilizan las dos lenguas oficiales de Navarra».

Behatokiak euskara erabiltzeko eskubidean oinarrituaz, Foruzaingoak dituen betebeharrak gogorarazteko mezua bidali zion bueltan, eta urriaren 3an Foruzaingoak «Manzanas traigo» erantzun zion mezuari, espedientea artxibatuz: «Expediente inicial solo en euskera, contestación a nuestro requerimiento solo en euskera… no entendemos. Manzanas traigo… Archivamos».

Behatokiarentzat «erabat onartezina da Foruzaingoak, Nafarroako erakunde publiko batek eta bertako langile publikoek, Nafarroako hizkuntza den euskararen eta herritar euskaldunen gutxiespena eta mespretxua adieraztea. Are larriagoa da, gainera, jasotako arretaz kexu diren herritarrei eta erakundeei horrelako lotsagabekeria eta inpunitatearekin erantzutea. Ez da Behatokiak jasotako lehenengo kexa Foruzaingoan euskaraz zerbitzua emateko gai ez izan eta euskararen ezagutza duen langilerik ez izateagatik».

Herritarrei zor zaien «administrazio publikoaz» ari direla azpimarratu du Behatokiak, «herritarrei laguntzea helburu duten langile publikoez, herritarren integritatea, segurtasuna edo ongizatea tartean egon daitezkeelarik gainera. Argi dago ez direla herritarrak errespetuz artatzeko eta herritarren eskubideak bermatzeko gai». Hala, «erantzukizunak» eskatu ditu Behatokiak, «Nafarroako berezko hizkuntza eta bere hiztunekiko mespretxuzko tratu honi berehalako soluzioa ematea».

«Langile publikoek euskara ezagutu» behar dutela ere gehitu du Behatokiak, «herritar guztien eskubideak eta duintasuna errespetatuak izan daitezen. Langile publiko euskaldunak eskatzea, herritarron eskubidea izateaz gain, eta administrazio publikoaren betebehar legal eta politikoa da».

Horrez gain, «18/1986 Foru Legearen 2.2.1. artikuluak gaztelania eta euskara Nafarroako hizkuntza berekiak direla eta, horren ondorioz, herritar guztiek dutela jakin eta erabiltzeko eskubidea ezartzen duela» oroitarazi du. Gehiago ere bai: «Horrekin batera, botere publikoek behar diren neurriak hartuko dituztela jasotzen da herritarrek hizkuntzagatik bereizkeriarik jasan ez dezaten (3.1. art.)».

Bukatzeko, Behatokiak herritarrei dei egiten die euskarazko zerbitzua hartzeko arazoak dituzten edo gaztelania erabiltzera behartuak diren kasuak salatzera, www.euskararentelefonoa.eus webgunean edo 948 146 172 telefonoan.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun