Urriaren 10etik 12ra jokatu zen Kataluniako Palau i Solità Plegamans herrian Espainiako XIII. Disko Gol txapelketa, Esperit Clubek eta Espainiako Disko Golf Elkarteak antolatuta. Txapelketari ekin baino lehen, ortziralean egindako jokalarien bileran, 2024-25 denboraldiko Kopako sariak banatu zituzten eta Baxi Basajauna taldeko Iñaki Gonzalez Olaizolak MP50 kategoriako irabazlearen saria hartu zuen. Gainera, espero ez zuen sari berezi bat ere eman zion Espainiako Disko Golf Elkarteak Baxi Basajaunako Mikel Ibarrola Manterola doneztebarrari, disko golfa bultzatzeko egin duen lana eskertzeko.
Iñaki Gonzalez bigarren
Hain zuzen, Iñaki Gonzalez (MP50 mailan) eta Mikel Ibarrola (MP60) izan ziren Baxi Basajaunako ordezkariak Espainiako txapelketan. Hiru txanda jokatu zituzten (larunbat goizean, larunbat arratsaldean eta igande goizean) eta kategoria bakoitzeko lau jokalari onenek bederatzi saskiko azken txanda jokatu zuten igande eguerdian. MP50 kategorian bigarren izan zen Iñaki Gonzalez Olaizola. Mikel Ibarrolari dagokionez, bosgarren izan zen. Bertze bi nafar ere izan ziren txapelketan, Lekunberriko Kirol Taldeko Rafa Sarriegi (hirugarren izan zen MPO kategorian) eta Lorea Zulet.