Palestina

[ARGAZKIAK] Ehunka lagun atera dira karrikara Palestinari elkartasuna adieraztera

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 16a

Hego Euskal Herriko sindikatuek deituta, Palestinaren aldeko lanuzteak egin zituzten atzo dozenaka eta dozenaka langilek. Eta goizean eta arratsaldean egindako mobilizazioetan ere jendetza atera zen. Kolore gorria, beltza, zuria eta berdea nagusitu zen eskualdeko karriketan. 

Argazkiak: Liher Fernandez, Felix Loiarte eta utzitakoak. 

Palestinari elkartasuna adierazteko, Israel Palestinan egiten ari den genozidioa salatzeko eta Euskal Herriko enpresek eta instituzioek Israelekin duten harreman komertzial oro eteteko eskatzeko helburuarekin, lanuzteak egin zituzten hainbertze langilek atzo. TTIPI-TTAPAk ere bat egin zuen deialdiarekin.

Mobilizazioak ere egin zituzten. Goizean, konparazio batera, Lesakako zaharren egoitzaren aitzinean, Alkaiagako industrialdean, Leitzako Sarrio lantegiaren aitzinean eta Elizondoko plazan elkarretaratzeak egin zituzten, baita Elizondoko zahar etxe atarian eta Lekarozko institutuko atean ere. Goizeko hitzorduak bukatutakoan, Iruñeko mobilizazioarekin bat egin zuten herritarrek. 

Arratsaldeko mobilizazioak gehiago eta jendetsuagoak izan ziren. Areson, Elizondon, Donezteben, Lesakan, Arantzan eta Goizuetan, adibidez, elkarretaratzeak egin zituzten, horietako batzuetan kazuela jotzeak. Jendetza bildu zen; Lesakan, erraterako, 200 lagun inguru. Beran eta Leitzan, berriz, manifestazioak egin zituzten eta bietan jende aunitz bildu zen; Leitzan, adibidez, 500 bat lagun. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun