Larunbateko Gau Lanak proban Ainhoa Etxegarai beratarra nagusitu zen, Igandeko Mendi Maratoi Erdian, Aimar Otxoteko lesakarra suertatu zen garaile eta bietan bigarren izan zen Hodei Lujanbio goizuetarrak irabazi du sailkapen konbinatua
Urteroko gisan, larunbatean, urriaren 11n Gaueko Lanak izeneko 9,5 kilometroko lasterketa egin dute, 500 metroko desnibelarekin. Proba akitu zuten 173 korrikalarien artean Oihan Sayar Garcia irundarra izan zen bizkorrena (51.52), Osin Trail taldeko Hodei Lujanbio goizuetarra bigarren (52.32) eta Haritz Perurena hirugarren (53.34). Emakumeen artean, iaz bezala, Aiaramendi taldeko Ainhoa Etxegarai gailendu zen ((1.03.26), Maite Zubillaga Olague (1.06.42) eta SPUC Lasterkako Joana Bimboire (1.06.58) gibelean utzita.
45 urtez goitikoen artean, Jean Marc Berroa eta Rakel Deskarga lesakarra izan ziren bizkorrenak eta Urdazubiko herritarren artean, Ion Arrieta eta Maialen Jaurena.

Gaueko lasterketa baino lehen, lehen aldiz UKL txiki lasterketa ere egin zuten, haurrei zuzendua, eta hainbat neska-mutikok hartu zuen parte.
Biharamunean, urriaren 12an, mendi maratoi erdia egin zuten. 22 kilometro luze eta 1.200 metroko desnibel positiboa zuen proba burutu zuten 117 korrikalarik eta, gizonezkoen artean, iaz bezala, Aiaramendi taldeko Aimar Otxoteko lesakarra nagusitu zen (1.50.44), Osin Traileko Hodei Lujanbio goizuetarra bigarren izan zen (1.55.28) eta Soronea Ammma taldeko Iban Agirrezabala hirugarren (2.02.28).
Emakumeen artean, Marie Élise Picamilh izan zen bizkorrena (2.26.57), Beti Gazteko Mayi Arriola lesakarra bigarren (2.38.06) eta Ultzamako Ainhoa Iraizoz hirugarren (2.38.59).
45 urtez goitikoen artean, Angeltxo Aranbibar beratarra eta Anaïs Bourgeois izan ziren bizkorrenak.
Sailkapen konbinatua
Bi eguneko probak hamaika korrikalarik egin zituzten eta, denborak batuta, gizonezkoen artean, bietan bigarren izan zen Hodei Lujanbio goizuetarra izan zen garaile (2.48.00), Soronea Ammako Iban Agirrezabala bigarren (2.58.03) eta Borja Perez hirugarren (3.07.54). Emakume bakarrak egin ditu bi probak, Angeluko Emmanuelle Bencek (4.42.25).