Hamabi segundogatik Nafarroako aizkolarien finaletik kanpo gelditu da Jon Rekondo leitzarra

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 13a

Ezker-eskuin: Oier Kañamares, Ibai Soroa, Txomin Amundarain, Iker Kicente eta Julen Kañamares. Larunbat eguerdian Lekunberrin lortu zuten finalerako txartela.

Nafarroako lehen mailako aizkolari txapelketaren kanporaketa jokatu zuten urriaren 11n Lekunberrin. Hamar aizkolari aritzekoak ziren larunbatean, baina Zigako Joxean Etxeberriak, gaur egungo txapeldunordeak, medikuaren agiria aurkeztu eta ez zen aritu. Jon Rekondo leitzarrak ere finalerako txartelik lortu ez zuenez, ez da eskualdeko aizkolaririk izanen Doneztebeko finalean.

Pronostikoak betez, Iker Vicente izan zen onena larunbatean Lekunberriko kanporaketan eta, berekin batera, Ibai Soroa, Oier Kañamares, Txomin Amondarain eta Julen Kañamares ariko dira azaroaren 14an Doneztebeko finalean.

Bortz enbor moztu behar izan zituzten aizkolariek Lekunberriko kanporaketan: bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat. Otsagabiko Iker Vicente, gaur egungo txapeldunak, 15 minutu eta 53 segundo aski izan zituen ana burutzeko. Arribeko Ibai Soroa izan zen bigarren (16.33), Arostegiko Oier Kañamares hirugarren (17.42), Arribeko Txomin Amundarain laugarren (18.30) eta Arostegiko Julen Kañamares bosgarren (19.25). Beraz, bortz aizkolari hauek lortu dute azaroaren 14an Donezteben jokatuko den finalerako txartela. Hamabi segundogatik, seigarren eta, beraz, finaletik kanpo gelditu zen Jon Rekondo leitzarra (19.37). Zazpigarren Xuban Kañamares izan zen (20.04), zortzigarren Eneko Saralegi (21.07) eta bederatzigarren Jon Erdozia (22.28). Azken bi sailkatuek, Saralegik eta Erdoziak, berez, maila galduko dute, baina Saralegik, hamabortz egunen buruan, Joxean Etxeberriaren kontrako kanporaketa jokatzea eskatzeko eskubidea dauka.

Aipatu bezala, lehen bortz sailkatuek jokatuko dute finala azaroaren 14an Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan. Feria egunean 18:00etan hasiko den jaialdian, kanporaketako lan bikoitza izanen dute aizkolariek finalean, denera hamar enbor. Jaialdi berean, Euskal Herriko emakumezkoen arpana txapelketa ere jokatuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun