Mendizabalekin batera, 17-22 galdu zuen Etxegarairen eta Gaminderen kontra, igandean Donostiako III. pilotalekuan jokatutako finalean.
Hasiera hobea egin zuten Zabaletak eta Mendizabalek eta 12-6 aurreratu ziren, baina oñatiarrak eta laukiztarrak ez zuten beraien buruarengan federik galdu eta, hortzak estututa, partida irauli ahal izan dute finalaren bigarren txanpa ikusgarria osatuz. Hamazazpinako berdinketaren ondotik, zuzenean joan ziren 22ra.
Baina, esan bezala, tontorrerainoko bidea ez da batere erraza izan Etxegarairentzat eta Gaminderentzat,. Kosta egin zaie, biei, finalari neurria hartzea eta eurena ederki eginda, defentsan sendo arituta eta aurrean Zabaletak tantoak bikain bukatuta, leitzarrak eta andoaindarrak alde polita hartu zuten partidaren erdialdera. Etxegaraik eta Gamindek argi zuten atzean egin behar zutela min partida aurrera atera ahal izateko, baina hasierako txanpa horretan ez zuten asmatu eta zenbait unetan pazientzia galtzera ere heldu zuten, aurkariei tantoa nondik egin ezin asmatuta.
12-6ko markagailuarekin eta kantxan ikusten ari zenarekin, zaila zirudien partidak buelta izatea. Etxegarai eta Gaminde izan ziren, ziurrenik, aukera horretan sinistu zuten bakarrak. Atzera jota bakarrik partidarik irabaziko ez zutela ulertu zutenean lortu zuten txapeldunek euren jokorik eraginkorrena topatzea eta, kostata izan bazen ere, Gamindek dejadaz lortutako tanto zoragarri bati esker lortu zuten urdinek lehen aldiz markagailuan aurre hartzea (15-16). Baina finalaren azken txanpak ere izan zuen zailtasunik oñatiarrarentzat eta laukiztarrarentzat, izan ere, 17-16 aurretik zirela, Etxegaraik motzegi ateratako sake batekin falta bat egin baitzuen. Hala ere, behera egin beharrean, azken bost tantoak segidan egin zituzten. Eguerdiko jaialdiko lehen partidan, Salsamendik eta Nahia Bertiz sunbildarrak 18-12 irabazi zieten Uriarteri eta Bergarari.
Dunixe Alberro iturendarra txapeldun gazte mailan
Hiru Hiriburuak torneoko finalek egun osoko festa bat eraman zuten igandean Atano III.a pilotalekura eta, eguerdiko emozioak erabat barneratzeko astirik gabe, beste bi mailetako finalak jokatu ziren arratsaldez Donostiako pilotaleku historikoan. Intza Arrutik eta Dunixe Alberro iturendarrak 18-7 irabazi zieten Izar Etxezarretari eta June Zabalari gaztetan, eta Olatz Insausti eta Irati Betegi 18-10 gailendu zitzaizkien Ainize Arratibeli eta Larraiz Galardiri promesetan. Bi bikote horiek dira, Etxegarai-Gaminderekin batera, txapelketa honen palmaresera gehitu diren pilotariak.