Energia berriztagarriak

«Herritarrekin elkarlanean, kultura energetiko berri bat garatu nahi dugu»

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 12a

Leire Ros Soravilla (Nasuvinsa).

Energia komunitateak sortzen laguntzeko, Nafarroako Komunitatea Eraldatzeko Bulegoak ireki zituzten 2024an. Nasuvinsak kudeatutako eta Nafarroako Gobernuak eta IDAEk Susperraldirako eta Erresilentzirako Mekanismoaren funtsekin bultzatutako proiektua da eta horrela, trantsizio energetikorako bidean, herritarrei bitarteko bat eskaini nahi diete.

 

Nafarroako Mendialdean ari da lanean Leire Ros teknikaria eta energia komunitateei beharrezkoa duten aholkularitza eta laguntza eskaintzen dizkietela azaldu du: «Tokian tokiko ekintza taldeekin elkarlanean ari gara eta herritarrak informatu, sentsibilizatu eta energia komunitateak martxan jartzeko beharrezkoa den aholkularitza teknikoa, juridikoa eta administratiboa eskaintzen diegu».

Esku artean hainbat erronka dituzte: «Energia erabiltzeko eredua aldatzea, energia komunitatearen kontzeptua ezagutaraztea, kontsumo arduratsu eta kontziente bat sustatzea edota herritarren beharrak erdigunean jarrita, elkarlana sustatzea».

Izan ere, Rosen ustez funtsezkoa da tokiko beharretara egokitzea: «herri bakoitzean dauden beharrak, baliabideak, indarguneak eta ahulguneak mahai gainean jarri eta horiek aztertu ondotik, zehaztu behar dira eman beharreko hurrengo pausoak». Horretarako, parte hartze prozesuak egin izan dituzte: «gogoetarako bideak irekiz».

Behar eta aukeretatik abiatuta, hainbat proiektu landu daitezkeelako: «Autokontsumo partekatua, mugikortasun iraunkorra, baliabide energetikoen kudeaketak, efizientzia, kontzientziazioa…».

«Nafarroako energia komunitateekin eskuz esku ari gara lanean»

Formazioari ere garrantzia eman nahi diote: «energia eredu berriak mahai gainean jarri nahi ditugu eta horretarako beharrezkoa da energia trantsizioaren kulturan formakuntza eskaintzea eta sentsibilizazio kanpainen bidez zabaltzen joatea». Tailerrak antolatu dituzte horretarako: «Argindar fakturak irakurtzen ikasteko tailerrek, adibidez, arrakasta izaten dute. Herritarrei funtsezko kontzeptuak ulertzeko laguntza eskaintzen diegu».

Dagoeneko martxan dauden energia komunitateekin eskuz esku ari dira lanean eta askotariko laguntza eskaintzen diete: «dirulaguntzak jasotzeko beharrezkoa den dokumentazioa eman, dokumentuak gainbegiratu, proiektu teknikoak bertatik bertara ezagutu eta aztertzen ditugu». Rosen ustez, aurrerapauso ugari eman dira arlo horretan: «geroz eta energia komunitatea gehiago ari dira sortzen Nafarroan». Datua ere gaineratu du: «Hemendik urte bukaerara arte, Nafarroan beste hemezortzi energia komunitate sustatu nahi ditugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun