Energia berriztagarriak

«Isolatzaile ekologiko eta jasangarria eskaintzen dugu»

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 11

Iñigo Puncel, Aislanat enpresako arduraduna.

Iñigo PUNCEL ARANDIGOIEN Aislanat.

Iñigo eta Julen Puncel Arandigoien anaiek 2011n sortu zuten AISLANAT enpresa. Biek ala biek urteak zeramatzaten isolamendurako material ekologikoekin lanean eta alternatiba berrien bila hasi zirenean ikusi zuten zelulosa zela bilatzen zuten lehengaia: «Nafarroan ekoizten diren egunkarien soberakinak erabiliz, isolatzaile guztiz ekologikoa ekoizten dugu».

Ekonomia zirkularra

Ekonomia zirkularraren adibide  garbia dira: «urtero, 2.000 tona egunkari-paper transformatu eta zelulosan bihurtzen ditugu. Zero kilometroko lehengaia erabiliz, prestazio handiko produktua sortzen dugu eta gainerako isolatzaileak baino prezio lehiakorragoan eskaintzen diegu bezeroei». 

Puncelen hitzetan eskaintzen duten alternatiba, «ekologikoa, ekonomikoa, eraginkorra eta kalitatezkoa da». Datuak jarri ditu mahai gainean: «Erabiltzen dugun lehengaiaren % 85  birziklatutako materiala da. Gainera, ekoizpen prozesuan kontsumitzen den energia kopurua ere bestelako lehengaiak sortzean kontsumitzen dena baino txikiagoa da». Bere ekoizpena basoen kudeaketa arduratsuari lotuta dagoela ere azaldu du eta bidean ia ez dela hondakinik sortzen nabarmendu du: «ekoizpenean eta aplikazioan sortzen diren hondakin urriak berriz birziklatu eta berrerabili egiten dira».

Prozesua

Zelulosa lortzeko egunkarietako orriek ez dute tratamendu berezirik behar: «etxeko ganbaran urtetan gordeta gelditzen diren egunkariak dira horren erakusle. Zertxobait horituko dira, akaso, baina osorik segitzen dute luzaroan». Orri horiek berez dituzten propietateak baliatu eta isolatzaile bihurtzeko prozesua ere ez dela konplexua dio: «Egunkariak txikitu, zuntzak desegin eta elur malutak bezala gelditzen dira. Hori horma bat isolatzeko erabiltzen denean, zuntzen artean oxigenoa gelditzen da eta horrek egiten du isolatzaile lana».

Edozein eraikinetan erabil liteke isolatzaile mota hau, baina bada bete beharreko baldintza bat: «Sistema hau erabili ahal izateko beharrezkoa da horman haize kamara bat egotea. Zulotxo batzuk egiten dira hormetan eta haizea botatzen duen makina batekin, horma betetzen da. Etxeak, lantegiak… mota guztietako eraikinetan egin daiteke». Dena den, obra berria ez denetan, eraikinaren egoera aztertu behar izaten da: «Norbaitek gure zerbitzua kontratatzeko interesa duenean, bertara joan eta teknikari batekin aztertzen dugu kasua».

Errentagarritasuna

Errentagarritasunaz ere aritu da solasean: «egindako inbertsioa bi eta bost urte artean amortizatu daiteke. Eraikin bat ongi isolatua baldin badago, berokuntza eta aire girotuko fakturetan nabaritzen da aldea, % 54raino murriztu daiteke kostua».   

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun