Gidatzean eta horrelako gertaeren aitzinean prebentzioaren kultura sustatzeak duen garrantzia nabarmendu dute
Faunarekin gertatutako istripuek pertsonei kalte handirik egiten ez badie ere (zauritutako biktimen ehunekoa hagitz ttikia baita eta kalteak batez ere materialak), Nafarroako Gobernuak aitzinera egin nahi du kontzientziazioa lantzen arlo horretan, eta, horrela, prebentzio-mezua helarazi eta jarraibide errazak eskaini nahi ditu; hau da, inpaktu baten aurrean nola jokatu behar den, kalteak nola minimizatu daitezkeen eta PJL jokabidea hartzeak duen garrantzia: Prebenitu, Jokatu eta Lagundu.
Prebentzioari buruzko jarraibideak
Kanpaina hilabete batekoa izanen da gutxi gorabehera, eta liburuxkak banatuko dituzte mota horretako istripu gehien izaten dituzten eremuetako ikastetxeetan, osasun zentroetan, herriko etxeetan eta bide segurtasunaren arloan eginen diren jardueretan. Diptikoetan gogoratuko da aseguruaren estaldurak berrikusi eta animaliekin izandako istripuek eragindako kalteak estaltzen dituzten egiaztatu behar dela. Laburtuta eta ikusteko moduan, seinaleztatutako tarteetako prebentzioari buruzko hainbat jarraibide ere azalduko dituzte: abiadura murriztea, errepide ertzetan arreta berezia izatea (batez ere egunsentian eta iluntzean) edo animaliak uxatzeko soinu uxagailu bat jartzeko aukera aztertzea.
Berehalako inpaktuaren kasuan, gogoratu ez dela inoiz bolante kolperik eman behar. Sakon frenatu behar da eta balaztatik azken unean altxatu oina. Lasai egon eta PJL (Prebenitu, Jokatu eta Lagundu) protokoloa jarraitu behar da: autoa galtzadaren alde batera baztertu, V-16 seinaleztapen-baliza jarri eta 112ra deitu. Autotik irten baino lehen, txaleko islatzailea jarri behar da, leku seguru batean kokatu eta ukitutako animaliari argazkiak atera, galtzadan etzanda geratuz gero. Behin istripuaren arreta bukatuta, aseguru etxearekin harremanetan jarri behar da ibilgailuaren kalteak jakinarazteko eta erreklamatzeko.
Nafarroako Gobernuak bertze neurri batzuk ere bultzatu ditu Foruzaingoarekin, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Errepideen Kontserbazio Zerbitzuarekin eta Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuko Ehiza Atalarekin koordinatuta. Horrez gain, ezbehar tasa handieneko bortz bidetan kontrol estatiko eta dinamiko gehiago egin ziren: N-121 errepidea (20. kilometrotik 23. kilometrora); NA-134 (12. kilometrotik 14. kilometrora); N-240 A (16. kilometrotik 17. kilometrora) eta la NA-132 A (9. kilometrotik 10. kilometrora), NA-132 B errepideko 1. kilometrotik 3. kilometrora arteko bidegurutzean. Tarte horietan, halaber, Errepideen Kontserbazio Zerbitzuak seinaleztapen espezifikoa jarri du.