I. AGIRRE, A. PRIETO eta A. BARRENETXE

«Gazteak feminismora hurbiltzeko aukera ederra da Baterajotzea»

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 11

Ezkerretik hasita, Itziar Agirre donamariarra, Amaia Prieto beratarra eta Ane Barrenetxe elizondoarra.

Itziar AGIRRE, Amaia PRIETO eta Ane BARRENETXE gazte feministak.

Urriaren 31tik azaroaren 2ra Zaldibarren egitekoa den Baterajotzearen atarian, urriaren 18an bertze hitzordu bat antolatu dute Baztan-Bidasoko gazte feministek Elizondon. 

Baterajotzeak Elizondon hasi zuen bidea, eta lau urteren buruan, Zaldibarren (Bizkaia) eginen du geldialdia. Euskal Herriko Gazte Feministek antolatuta, urriaren 31tik azaroaren 2ra hantxe izanen da aurten hitzordua. Hari begira daude Baztan-Bidasoko gazte feministak, baina hori baino lehen, urriaren 18an Elizondon ekitaldiak prestatu dituzte. Itziar Agirre (Donamaria), Amaia Prieto (Bera) eta Ane Barrenetxe (Elizondo) aritu dira horri buruz. 

Zer da Baterajotzea? 

Baterajotzea Euskal Herriko Gazte Feministok (EHGF) bi urtean behin antolatzen dugun elkargune bat da. Tresna gisa funtzionatzen du, momentuko problematika, kezka, zalantza zein arazoei gazte eta feminista moduan erantzuteko.

2021ean Elizondon egin zen lehendabiziko aldiz. Mugimenduan gaude, lurrikara gara lelopean, 600 lagun inguru bildu ziren... 

Antolatzaileen hitzetan, inflexio puntu bat izan zen, lehendabiziko Baterajotzea izanik, jende aunitz elkartu baikinen feminismoaren bueltan, eta gazte feministok hartu beharreko bidea zehazten lagundu zigun. Gainera, gure inguruan hainbertze gazte feminista elkartzea indar erakustaldi bat izan zen eta gazteak feminismora hurbiltzeko aukera ederra. Aipatu behar da holako egunak ez direla burbuila utopiko bat eta Elizondoko karriketan egin zen manifestazioan eraso bat izan zela. Baina ekintza hura ez zen erantzunik gabe gelditu; kontra egiteko prest gaudela eta ez garela isilduko erakutsi genuen.

Geroztik zer bide egin du Baterajotzeak?

Elizondon egin zen Baterajotzetik, urtez urte tartekatu dira udaleku feministak eta Baterajotzea. Azkena 2023an izan zen, Utopiak lehertzeraino lelopean Usurbilen, eta lehendabiziko aldian bezala, hainbat hitzaldi, mahai inguru, tailer eta kontzertu izan ziren. Elkargune horiek hausnarketarako eta eztabaidarako tokia ireki dute eta gazte feministon mugimendua indartzeko balio izan dute. Hortaz, gogoz gaude aurtengo Baterajotzerako, aitzinekoetan bezalako giroan egoteko, bertze gogoetekin ateratzeko eta gazte feminista bezala antolatzeko.

Aldaketa batzuk izan ditu. Bertzeak bertze, talde antolatzaileak Euskal Herriko Neska* Gazteak izena zuen, eta gaur egun Euskal Herriko Gazteak Feminista izena du. Zergatik?

Urteak generamatzan subjektuaren inguruko hausnarketekin, eta Usurbilen egindako azken Baterajotzean aldaketaren alde egin genuen, Euskal Herriko Neska* Gazteak izatetik, Euskal Herriko Gazte Feministak izatera pasatuz. Sare honen parte garenoi ez gaitu elkartzen neska izateak, baizik eta feminista izateak. Subjektu aldaketa horrek borrokak hauspotu eta patriarkatua entenditzeko markoa berrezartzeko aukera eman zigun. Gainera, genero bitartasuna gainditzeko ezinbertzekoa iruditzen zitzaigun gazte feminista izatea gure antolakundearen subjektu politikoa, neska* subjektuaren baitan zenbait gorputz eta identitate deseroso baitzeuden. 

«Lubaki feministetan babesten dugu geure burua erasoen kontra, misoginia modernoaren, feminismoaren despolitizazio saiakeren, faxismoaren goratzearen zein diskurtso arrazisten kontra»

Aurtengo Baterajotzearen leloa Feminismoa lubaki da. Esplikatu...

Garai nahasian bizi gara. Pribatizazio neoliberalak; atzerritartasun lege arrazista; migrazio politika hiltzaileak; etxegabetzeak; Palestinaren kontrako genozidioa; erregimen politiko heterosexuala; turistifikazioa; gentrifikazioa; gure eskualdean ezin bizi ahal izatea eta ehunka etxe huts; gure lurren eta baliabide naturalen esplotazioa; krisi klimatikoa; ezegonkortasun ekonomiko eta mentalak; feminizidioak, misoginia eta transfobia; okupazioaren, gazte independentismoaren eta lurraren defentsaren kriminalizazioa... Lubaki feministetan babesten dugu geure burua erasoen kontra, misoginia modernoaren, feminismoaren despolitizazio saiakeren, faxismoaren goratzearen zein diskurtso arrazisten kontra. Gure aurkakoak ere badira gerra horiek. Konspirazio, borroka eta iraultza feministan segitzeko elkargunea bilakatuko dugu Zaldibar. 

Su hau dena da aurtengo Baterajotzeko kanta. Hainbat kritika egiten ditu eta Euskal Herriko borroka batzuk aipatu. Tartean, bada «lurraren defentsan makineriari bideak itxi» aipamena. Horrek lotura zuzena du eskualdearekin...

Bai, eskualdean badakigu zerbait lurraren defentsaren inguruan. Izan ere, Aroztegiko borrokaren ondorioz, epaituak eta zigortuak izan gara herri bezala. Gure gorputzak makinen aitzinean paratu genituen, eta horrek lotura handia du feminismoarekin ere, gure gorputzak politizatu eta lehendabiziko lerroan paratzen ditugulako. Feminismoan eta lurraren defentsan bizitzak erdigunean jartzen dira, eta bi kasuetan erantzun kolektibo batean sinesten dugu. 

Kantaren letratik zerbait gehiago nabarmendu nahi duzue?

Gazte feminista izanda, aunitz dira intersekzionalitatez lotzen zaizkigun gaiak eta kantaren letrak hori islatzen du. Alde batetik, etxebizitzaren problematika aipatu nahi dugu (Eskaparatean erosiko ez duzun etxea salgai),  gure eskualdea etxebizitza huts eta bigarren etxebizitzaz josia baitago, eta gazteen emantzipazio gaitasuna arrunt ttikia da. Bertze aipamen bat egin nahi genuen Hitza kendu genion bilera hartako orojakinari esaldiari. Eskualdean gazte asanbladatan ere antolatzen gara maiz, eta nabarmentzekoa da ezkerretik antolatzen garen eta inoiz baino aliatu gehiago ditugun garai honetan, oraindik badirela hitza kendu eta ttiki sentiarazten gaituztenak gure artean, kamuflatzen saiatzen diren arren. Bertzetik, turisten hiria aipamenak turismo masiboaren ondorioei kritika egiten dio. Hots, herriek eta hiriek berezko nortasuna galtzen dute; komertzioak turistendako bideratzen direlako, etxebizitzak garestitzen direlako eta herritarrak kanporatzen dituelako.

«Baztan-Bidasoa ez da inondik inora faxismoaren goratzearen zein diskurtso antifeminista, homofobo edota transfoboen oasi»

Kantaren aurkezpenean, «feminismoaren despolitizazio saiakera» badela eta «erreakzionarismoa hauspotzen» ari dela aipatu zuten. Inguruan ere hori sumatzen duzue?

Bai, dudarik ez, Baztan-Bidasoa ez da inondik inora faxismoaren goratzearen zein diskurtso antifeminista, homofobo edota transfoboen oasi. Adibidez, tradizioaren izenean, ohitura batzuei kontzen diogu hausnarketarako espaziorik zabaldu gabe. Gure herrietako bestak izaten dira tradizio horren erakusleiho eta jendetza biltzen dela aitzakiatzat hartuta, ekintza aunitz mantentzen dira eta baztertutako subjektuei ez zaie kasurik egiten. Pertsona oro biltzen dituzten espazioak sortzea aldarrikatzen dugu, frontoiak eta plazak betetzea alternatiba faltaren seinale ere izaten ahal da eta.

Baterajotze nazionalaren atarian, urriaren 18an eskualdeko gazte feministak biltzeko hitzordua antolatu duzue. Zergatik? 

Alde batetik, eskualdeko gazteak animatu nahi ditugu Baterajotzera joatera, aukera ederra delako feminismora hurbildu, ikasi, jendea ezagutu eta tailer eta kontzertuez gozatzeko. Baztan-Bidasotik kuadrilla bat elkarrekin joatea polita izanen litzateke. Bertzalde, aitzineko bi urteetan antolatu ditugun mugarri feministen helburu bera du honek ere: inguruko gazte feministak elkartu eta gure inguruko egoeraz hausnartzeko tokia ematen digu, gure arteko harremana estutuz. Hemen gaudela errateko ere balio digu, antolatzeko gaitasuna dugula erakusteko.

Nola dago Baztan-Bidasoaldeko gazte feministen sarea?

Bortzirietan eta Baztanen baditugu gazte feministen taldeak, Marrako eta Baztan Iñarrosiz. Malerrekan eta Bertizaranan oraindik ez dugu lortu kuadrilla bat, baina horretan ari gara. Hala ere, badugu harremana gure artean eta ez da holako egun bat antolatzeko elkartu garen lehendabiziko aldia. Holako egitarauekin, gainera, gure arteko harremana estutu eta sendotu dugu, gure bailaren egoeraz hausnartuz eta kezkak elkarbanatuz. Behin eta berriz problema berdinak ditugula ikusi dugu eta elkarlanean ari behar dugula, bai edo bai. 

Zein dira zuen erronkak?

Euskal Herri mailako erronka berdinak ditugu gure inguruan, arestian aipatuak, izan feminismoaren despolitizazio saiakera edo erreakzionarismoaren hauspotzea. Gure herrietan bizitzeak, hala ere, badu berezitasun bat: herri arrunt ttikietan bizi garela. Horrek, batetik, gazteak hurbiltzeko saiakerak zailtzen ditu feminismo hitzari paratu zaion konnotazio negatiboarengatik, eta oraindik ere ez daudelako arras ongi ikusiak antolakunde feministak edo gazte feministen taldeak. Eta bertzetik, ekintza zuzenak egin edo erasotzaileak seinalatzeko orduan, gure herrietan bada babes giro bat, dimentsio handia duena, baita ezker abertzaleko mugimenduan ere. 

«Elizondon bezala, Zaldibarren ere, feminismoaz ikasteko eta jende berriarekin eta betikoekin elkarbanatzeko aukera ederra izanen da»

Zergatik animatuko zenituzkete urriaren 18ko hitzorduan eta Baterajotzean parte hartzera?

Inguruko gazte feministak elkar ezagutzeko, gure artean sarea egiteko eta giro seguruan egun goxoa eta polita pasatzeko aukera emanen digu. Elizondon bezala, Zaldibarren ere, feminismoaz ikasteko eta jende berriarekin eta betikoekin elkarbanatzeko aukera ederra izanen da. 

Zer mezu emanen zeniekete eskualdeko gazteei?

Beldurrik ez izateko eta gazte asanblada eta gazte feministen taldeetara hurbiltzeko eta antolatzen hasteko. Eskualdean ere, edo bereziki, jendea behar dugu gertatzen ari diren eraso matxista, homofobo, faxista eta arrazistei kontra egin eta indarra erakusteko. Gazteok bailaraka edo eskualde mailan antolatzen bagara ematen ahal dugun erantzunak eragin erreala izaten ahal du eta gazte bezala badugula zer erran eta egin erakusten ahal dugu. 

Zerbait gehitu nahi duzue?

Palestinako gaia ere aipatu nahi dugu, genozidioaren kontra ezinbertzekoa da isilik ez gelditzea. Jendea egiten diren ekintzetan parte hartzera eta gaiaz solastatzera animatu nahi dugu.

 

Urriaren 18an hitzordua Elizondon

Baterajotze nazionalaren atarian, urriaren 18an hitzorduak antolatu dituzte Elizondoko gaztetxean. Inguruko gazte feministak elkartu eta saretzea dute helburu.

  •  18:00etan aurkezpena: Gazte feminismoa lubaki: Baterajotzearen aurkezpena.
  • Ondotik mojitada girotua.
  • 19:30ean serigrafia tailerra.
  • 21:00etan bertso afari musikatua Haira Aizpurua, Kattin Madariaga eta Malen Alzuart bertsolariekin.
  • Ondotik musika: DJ Merkatalabo.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun