Euskal jai Erremonte Fundazioak eta E•Remonte Iruña enpresak antolatutako binakako erremonte profesionaleko txapelketa Reino Gourmet Sari Nagusia aurkeztu zuten asteazken arratsaldian INTIA erakundearen egoitzan. Lau bikote ariko dira txapelketa honetan: Matxin III.a eta Ion (Iruñeko Alde Zaharreko txapelketako irabazleak), Xanti Uterga doneztebarra eta Barricart (San Fermin txapelketako irabazleak), Eloi Otxandorena doneztebarra eta Otano (Udaberriko eta Nafarroako txapelketako irabazleak) eta Zeberio II.a eta David Mitxeo doneztebarra (aurrelaririk beteranoena eta atzelaririk gazteena).
Finalerdietako joaneko partidak asteburu honetan berean jokatuko dituzte. Urriaren 10ean, ortziralean 18:00etan hasita, Martzillan, Zeberio II.a eta David Mitxeo doneztebarra, Matxin III.aren eta Ionen kontra ariko dira. Bikote hauek urriaren 25ean jokatuko dute itzulerakoa Irunberrin. Martzillako jaialdiko lehen partidan, Jon Sagaseta iruritarra eta Baztan, Koteto Ezkurra III.a doneztebarraren eta Agirrezabalaren kontra ariko dira.
Bigarren finalerdian, berriz ere Uterga eta Otxandorena aurrez aurre
Bigarren finalerdian, Xanti Uterga doneztebarra eta Barricart, Eloi Otxandorena doneztebarraren eta Otanoren kontra ariko dira. Urriaren 12an, igandean jokatuko dute joanekoa Ezkarozen eta urriaren 18an Donezteben. Finalerdietako irabazleek finala jokatuko dute azaroaren 1ean Luzaiden.
Euskal Jai Erremonte Fundazioak antolatzen dituen txapelketa guztietan bezala, sarrerekin biltzen den dirua ADANO elkartera bideratuko dute.