Eloi Otxandorena doneztebarrak eta Otanok irabazi dute Nafarroako erremonte txapelketa

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 6a

Otxandorena eta Otano txapeldun eta Uterga eta Agirrezabala txapeldunorde, larunbatean Zubirin jokatutako finalaren ondotik.

Nafarroako erremonte profesionaleko hogeigarren txapelketako finala jokatu zuten larunbat arratsaldean Zubirin. Doneztebeko bi aurrelari ziren aurrez aurre, Xanti Uterga eta Eloi Otxandorena, gibelean Agirrezabala azpeitiarra eta Otano agoiztarra lagun zituztela. Azkenean, Otxandorena eta Otano gailendu ziren, 35-31.

Larunbatean Zubirin jokatutako finalean 35-31 irabazi zieten Xanti Uterga doneztebarrari eta Agirrezabalari

Larunbateko jaialdiko lehen partidan, Jon Sagaseta iruritarrak eta Barricartek 30-27 irabazi zieten Koteto Ezkurra III.a eta David Mitxeo doneztebarrei. Finalaren aitzinetik Zubietako joaldunak eta emakumeek osatutako Goxo txaranga ibili ziren. Txapelketako bertze jaialdietan bezala, Erremonte Fundazioak Gazako genozidioa salatu zuen finalean ere.

Gazako genozidioaren kontra azaldu ziren finalaren atarian.

Finalari dagokionez, aski berdindua izan zen. Hasieran Uterga eta Agirrezabala agintzen hasi ziren eta bortz tantoko aldea ere izan zuten (12-7 eta 13-8), baina Otxandorenak eta Otanok sei tanto segidan egin zituzten, 14-11 galtzen joatetik 14-17 irabazten joatera pasatzeko. Berriz ere hemeretzina eta hogeina berdindu ondotik, 23-20 aitzinetik paratu ziren gorriak. Baina berriz ere zazpi tanto segidan egin zituzten urdinek (23-27). Bi tantora hurbiltzea lortu zuten gorriek, baina ez zuten gehiago berdintzerik lortu. Belaunean kolpea ere hartu zuen azkenean Utergak. Azkenean, 31-35, Otxandorena eta Otano txapeldun.

Otxandorena jokoan sartzen finalean, Uterga begira duela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun