Eskuz, Lesakako Ainitze Martinez txapeldun izan zen pilota goxoarekin eta Iturengo Dunixe Alberro txapeldunorde promesa mailan
Pilota goxoarekin, eskuz binakako finalean, Ainitze Martinez lesakarrak eta Intza Labakak 18-19 irabazi zieten Valladolideko Fernandezi eta Pequeri. Bigarren mailako paleta goma txapelketan, berriz, Gure Pilotako Camposek eta Garmendiak 20-12 irabazi zieten Arrosagarairi eta Irazustari. Elite mailako larruzko paleta txapelketaren finalean, azkenik, Nagore Martin arabarra eta Senpereko Marie Goienetxe erraz nagusitu ziren, Uxue Murillori eta Olaia Sarasibarri bi jokoak irabaziz (15-7 eta 15-4).
Igande arratsaldean bertze hiru final jokatu dituzte Iruñeko Navarra Arenan. Promesa mailako eskuz binakako finalean, Crespok eta Arratibelek 18-9 irabazi diete Sorondori eta Dunixe Alberro iturendarrari; lehen mailako paleta goma txapelketako finalean, Inunziagak eta Larrazak bi jokoak irabazi dizkiete Eziolazari eta Eguzkizari (15-10 eta 15-7). Elite mailako eskuz binakako pilota txapelketaren finalean, azkenik, Salsamendik eta Mendizabalek 22 eta 20 irabazi diete Ibarrolari eta Mendibururi, emozioz beteriko finalean.