Euskadiko Herri Kirol Federazioak antolatutako Euskal Herriko lehen mailako aizkolari txapelketako kanporaketa larunbat arratsaldean jokatu dute Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan. Hamaika aizkolari aritu dira lehian azaroaren 2an Azkoitian (Gipuzkoa) jokatuko den finaleko sei txarteletako baten bila. Iker Vicente izan zen bizkorrena sei enborrak mozten. 54 ontzako, 60 ontzako eta 72 ontzako bina enbor mozteko 16 minutu eta 37 segundo aski izan zituen. Bere ondotik, finalerako txartela lortu dute Hodei Ezpeletak (18.04), Mikel Larrañagak (18.52), Julen Alberdi Txikia IV.ak (19.33), Xabier Zalduak (19.34) eta Julen Gabirondok (20.21).
Finaletik kanpo gelditu ziren David Naredo (21.18), Eneko Otaño (21.30), Oier Kañamares (21.56), Andoni Iruretagoiena (22.57) eta, ustekabean, Doneztebeko kanporaketan azkena izan zen Zigako Joxean Etxeberria (24.39).