Larunbatean Donamarian jokatutako finalean 22-15 irabazi zieten Barrokali eta Mendibururi
Finala aski gogorra izan zen, ordubete pasako norgehiagoka lehiatua, tanto luze eta ikusgarriekin. Bi atzelariek lan bikaina egin zuten aurrelarien erremate aukerak murriztuz, eta lau pilotariek defentsa handia erakutsi zuten. Partidu erdian aldetxoa hartzea lortu zuen bikote gorriak, eta horri eusten asmatu zuten azkenean garaipen handia lortzeko. Txapeldunei txapelak eta sariak Natalia Rekarte Donamariako alkateak eta Nerea Zazpe, Doneztebeko zinegotzi eta Malerrekako Mankomunitateko Prebentzio Batzordekoak eman zizkieten. Txapeldunordeei, berriz, Naiara Aizpuru eta Jon Leatxe Donamariako zinegotziek.
Aste beteko tartean Leire Galeanoren bigarren txapela izan da, Udara CaixaBank txapelketakoa eskuratu berritan uda bikaina borobildu baitu. Iturriagak, berriz, marka historikoa ezarri zuen jarraian Plazaz Plaza txapelketako laugarren txapela eskuratuz.
Malerrekako Mankomunitateak babestutako txapelketan zehar genero indarkeriaren aurkako aldarria plazaz-plaza eraman du oraingo honetan eta berriz ere agerian utzi dute «plazak ere emakumeonak badirela». Horretaz gain, Palestinarekin elkartasuna ere adierazi zuten Donamarian, bertze jaialdietan bezalaxe.