Urtetako esperientzia
Urtetako esperientzia dute sektorean eta eskura dituzten bitarteko teknologiko guztiak erabiltzen dituzte: «energia aholkulariak gara eta uste dugu etorkizunera begira jartzea funtsezkoa dela». Argi dute zeintzuk diren beraien oinarriak: «Gure proiektuetan energia aurreztea, eraginkortasun energetikoa lortzea eta energia berriztagarrien aldeko apustua egitea dugu beti burutan». Bezeroaren beharrak zeintzuk diren ikusi eta azterketa zehatz bat egin ondoren, lankidetza hitzarmen bat egiten dute ahalik eta emaitzarik onena lortzeko: «Erosotasuna, energia aurreztea eta efizientzia energetikoa eskaintzen duten sistemak jartzen ditugu, energia berriztagarriak eta domotika baliatuz».
Herediak azaldu duenez, Acimuthen helburu nagusia ustiapen eta erabilera kostuak murriztea da: «Sektore osoaren kontrola eta ezagutza dugu, eta eskaintza bezeroaren beharretara egokitzen dugu». Hori egin ahal izateko, berriztagarri guztiekin egiten dute lan: «energia fotovoltaikoa, aerotermia, biomasa... erabiltzen ditugu gure instalazioetan eta berriztagarri guztiak software bakar batean integratzen ditugu, guztia modu erraz batean kontrolatu ahal izateko».
Berriztagarrien sektorea oso aldakorra dela jakinda, prest egotea ezinbestekoa da: «Eskaintzen dituzten dirulaguntzengatik, teknologiaren bilakaeragatik… etengabe aldatzen den sektorea da. Kontsumo balantze negatiboa duten eraikinak izateko trantsizio bat egitea ezinbestekoa da». Acimuthen oso zehaztuak dituzte zeintzuk diren etorkizunera begira eman beharreko pausoak: «urte batzuen buruan panorama energetikoa aldatu behar dugu, erabiltzaile bakoitzak ahalik eta autosufizienteena izan behar du, eta trantsizio horretan laguntzen diegu». Kontziente dira ez dela egun batetik bestera ematen den aldaketa: «trantsizioa urtetan planifikatzen diegu: gehien non gastatzen duten aztertzen dugu eta ekintza ezberdinak proposatzen dizkiegu».
Adibide bat jarri du: «imajinatu familia baten gasturik handiena argindarretan dela. Aurten, fotovoltaikoa jarriko diegu, eta gordailua prest utziko diegu hurrengo pausoa eman eta aerotermia jartzeko. Zentzuz egindako inbertsioa da, norabide zehatz batean emandako pausoak dira, dena prest izateko, etorkizuna orainaldi bihurtzen denerako».