Euskal Herriko lehen mailako aizkolari txapelketaren kanporaketa urriaren 4an jokatuko dute Donezteben

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 3a

Iker Vicente Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan joan den urtean jokatutako Nafarroako txapelketan lana akitu ondotik. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Larunbatean 18:00etan hasita Ezkurra pilotalekuan ariko dira hamaika aizkolari, azaroaren 2an Azkoitian jokatuko den finaleko sei txarteletako baten bila.

Euskadiko Herri Kirol Federazioak antolatutako Euskal Herriko lehen mailako aizkolari txapelketako kanporaketa urriaren 4an jokatuko dute Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan, larunbatean 18:00etan hasita. Hamaika aizkolari ariko dira lehian, Zigako Joxean Etxeberria Osakar tartean, azaroaren 2an Azkoitian (Gipuzkoa) jokatuko den finaleko sei txarteletako baten bila.

Etxeberriarekin batera, Iker Vicente, Oier Kañamares, Hodei Ezpeleta, Andoni Iruretagoiena, Julen Gabirondo, David Naredo, Xabier Zaldua, Mikel Larrañaga, Eneko Otaño eta Julen Alberdi Txikia IV.a ariko dira. Seina enbor moztu beharko dituzte, 54 ontzako bi, 60 ontzako bi eta 72 ontzako bi. Finaleko lanaren erdia.

 

Nafarroako lehen mailako kanporaketa Lekunberrin urriaren 11n

Astebete beranduago, urriaren 11n Lekunberriko udaletxearen aitzineko aldean, Nafarroako lehen mailako aizkolari txapelketako kanporaketa jokatuko dute hamar aizkolarik. Otsagabiko Iker Vicente gaur egungo txapeldunarekin batera, Joxean Etxeberria (Ziga), Ibai Soroa (Arribe), Txomin Amundarain (Arribe), Jon Rekondo (Leitza), Eneko Saralegi (Errazkin), Oier Kañamares (Arostegi), Xuban Kañamares (Arostegi), Julen Kañamares (Arostegi) eta Jon Erdozia (Etxarri Aranatz) ariko dira. Bortz enbor moztu beharko dituzte: bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat. Lehen bortz sailkatuek azaroaren 14an Donezteben jokatuko den finalerako txartela eskuratuko dute. Azken bi sailkatuek, aldiz, maila galduko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun