Uterga doneztebarra eta Agirrezabala, Otxandorena doneztebarrarren eta Otanoren kontra ariko dira
Larunbateko jaialdiko lehen partidan, Jon Sagaseta iruritarra eta Barricart, Koteto Ezkurra III.a eta David Mitxeo doneztebarren kontra ariko dira. Finalaren aitzinetik Zubietako joaldunak ibiliko dira, baita emakumeek osatutako Goxo txaranga ere. Txapelketako bertze jaialdietan bezala, Erremonte Fundazioak Gazako genozidioa salatuko du.
Finalari dagokionez, pronostiko garbirik gabeko partida da, txapelketako bi bikote onenen artean. Ligaxkan, Otxandorenak eta Otanok 35-28 irabazi zieten Utergari eta Agirrezabalari.
Ohi bezala, finaleko jaialdiko sarreran lortzen den dirua ADANO elkartera (Nafarroan minbizia duten haurren aldeko elkartea) bideratuko du Euskal Jai Erremonte Fundazioak. 22 urtetik goitikoek hamar euro ordaindu beharko dute, 16 eta 22 urte artekoek bortz euro eta ttikiagoek sarrera doan izanen dute. Sarrera harten dutenek pintxoa eta ura edo ardoa dastatzeko aukera izanen dute eta erremontisten kamisetak ere zozketatuko dituzte.