Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek 40 urte bete dituzte Nafarroan

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 2a

Nafarroako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen 40. urteurrenaren harira Iruñeko Baluarten egin zen ekitaldiko parte hartzaileak, irailaren 19an.

Nafarroako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen 40. urteurrenaren ospakizuna egin zuten irailaren 19an Iruñeko Baluarten. Maria Txibite, Nafarroako presidenteak ere parte hartu zuen ekitaldian eta gizarte zerbitzuetan lan egiten duten profesionalak zoriondu zituen: «Eskerrik asko 40 urte hauetan ekitatearen alde egindako lanarengatik; hau da, pertsona bakoitzari dagokiona emateagatik», adierazi zuen bertan zeuden 200 bat langileren aitzinean. Unitate horiek iaz 73.763 pertsona artatu zituzten, duela hamar urte baino %55 gehiago.

Oroigarri bana hartu zuten Elena Urtasunek (Baztan), Itziar Iguzkiagirrek (Bortziriak), Junkal Otxotorenak (Leitzaldea) eta Begoña Alberrok (Malerreka) irailaren 19an Iruñeko Baluarten egindako ekitaldian

Eskualdeko ordezkaritza ere izan ziren ekitaldian eta oroigarri bana hartu zuten Elena Urtasun Lasak (Baztan), Itziar Iguzkiagirre Urtxegik (Bortziriak), Junkal Otxotorena Sagastibeltzak (Leitzaldea) eta Begoña Alberro Etxandik (Malerreka), bertze zenbaiten artean. Hori bai, oroigarria gaztelaniaz hartu zuten eta euskara hutsean igortzeko eskaria egin zuten, bai Baluarten hitzez, nola ondotik idatziz ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun