Aurizko Kultur Etxean hasiko da larunbatean, urriaren 4an, Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Sei bertsolari ariko dira bertan kantuan: Aitor Irastortza Arrizurieta, Egoitz Gorosterrazu Elilzagoien, Eki Mateorena Zozaia, Eneko Lazkoz Martinez, Saats Karasatorre Martinez eta Urko Gartzia Aleman. Saioa Patxi Buenok aurkeztuko du.
Saioko irabazleak zuzenean lortuko du finalaurrekoetan egoteko txartela; zehazki, Agoizkoan. Bertze bortz bertsolariek, lehen fase osoa bukatu arte itxaron beharko dute, sailkatzerik duten ala ez jakiteko.
Larunbateko saioaren ondotik, hurrengo kanporaketak urriaren 11n Mutiloan, 18an Iruritan eta 26an Los Arcosen izanen dira. Denera 24 bertsolari ariko dira kantuan fase honetan, eta horietatik hemezortzik lortuko dute hurrengo faserako txartela.
Larunbateko sarrerak, zein txapelketako gainerako saioetarako sarrerak bertsosarrerak.eus atarian erosten ahal dira. Sarrerak egunean bertan ere salduko dira leihatilan, 16:00etatik aitzinera, baldin eta aitzinetik Interneten agortu ez badira.