POCTEFA La Rhun-E proiektuak Larhun mendigunearen «babesa, kontserbazio jasangarria eta kudeaketa koordinatua» ditu helburu, eta horren bueltan egin dute asteburuan garbiketa eta sentsibilizazio jardunaldia. Zehazki, bisitariek pilatutako edo paratutako harri pilak kentzen aritu dira. Izan ere, proiektuaren bultzatzaileek kontatu dutenez, «itxuraz kalterik egiten ez duen arren, jokabideak inpaktu larriak ditu ingurumenean, paisaian eta kulturan».
Hogei laguneko taldean, inguruko udal ordezkariak eta mendiko bitartekari taldeak ere izan dira. Azken horiek «udan bisitariei informazioa ematen eta ingurunea errespetatzearen garrantziaz kontzientzia zabaltzen» aritu direla erran dute.
Horrekin batera, sentsibilizatzeko bideo bat prestatu dute, harriak ez mugitzeko arrazoiak zein diren esplikatuz, «ingurune naturalean aldaketarik eragin ez dezaten». Bideoaren mezua argia da: «Ez mugitu harririk, ez eraiki dorrerik, errespetatu ingurunea eta partekatu mezua». Gisa berean, «harrizko dorreek ez dutela inolako funtzio praktikorik» oroitarazi nahi izan dute, «baina haien ugaritzeak mikrohabitatak aldatzen dituela, faunari eta florari eragiten diela, eta gainera, historikoki bideak eta mugak markatzeko erabilitako mugarri zaharrekin nahasten ahal direla».
