Ortzirale arratsaldean Lodosako San Francisco Javier pilotalekuan jokatutako jaialdiko lehen partidako erremontista guztiak eskualdekoak izan ziren: Koteto Ezkurra III.a eta David Mitxeo doneztebarrek 30-21 irabazi zieten Jon Sagaseta iruritarrari eta Markel Leatxe donamariarrari. Gero, Nafarroako erremonte txapelketako finalerdietako itzulerakoan, Xanti Uterga doneztebarrak eta Agirrezabalak 35-31 irabazi zieten Matxin III.ari eta Barricarti. 23 tanto aski zuten gorriek finalerako sailkatzeko, baina, lehenbizikoa baino berdinduagoa izan arren (2-6 eta 7-12 irabazten izan ziren urdinak), bigarren partida ere irabazi zuten.
Larunbat arratsaldean Aiegiko kiroldegian jokatutako jaialdiko lehen partidan, Koteto Ezkurra III.a doneztebarrak eta Agirrezabalak 20-28 irabazi zieten Jon Sagaseta iruritarrari eta Xuban Ilarregi oiztarrari. Ondotik, finalerdietako itzulerakoa jokatu zuten Eloi Otxandorena doneztebarrak eta Otanok, Mikel Mikelarena oiztarraren eta Ionen kontra. Joanekoan bezala, hasieratik bukaerara, nagusi izan ziren Otxandorena eta Otano eta 35-26 irabazi zuten, finalerako txartela eskuratuz.