Partida nagusian, Nafarroa eta Gipuzkoaren arteko eskuz binakako desafioa jokatuko dute Beñat Apezetxea goizuetarrak eta Hegoi Txoperena leitzarrak, Julen Alberdiren eta Oihan Etxeberriaren kontra
Igantziko bestak ortziralean hasiko dira eta egitarau zabalaren barrenean, pilota jaialdi ederra antolatu dute irailaren 28an, igandean 17:00etan hasita.
Lehenik, herriko pilotari gaztetxoak ariko dira, eskuz: Oihan Andueza, Maddi Iratzoki eta Jerai Bazterrika, Ainara Hitaren eta Joana Iratzokiren kontra.
Ondotik, emakumezkoen gomazko paleta erakustaldia izanen da, Sakanako Pilotaria naun nesken pala eskolako pilotarien eskutik.
Jaialdia borobiltzeko, Nafarroa eta Gipuzkoaren arteko elite mailako gizonezkoen desafioa jokatuko dute, eskuz binaka, bortz eta erdiaren barrenean. Beñat Apezetxea goizuetarra eta Hegoi Txoperena leitzarra izanen dira Nafarroako ordezkariak eta Julen Alberdi eta Oihan Etxeberria Gipuzkoakoak. Gaur gaurkoz, afizionatu mailan ikus daitekeen pilota partida ikusgarrienetako bat.