Mikel Zabalza gogoan Euskal Herria zeharkatuko duen autobusa eskualdetik pasatuko da

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 27a

Aste honetan aurkeztu dute egitasmoa Altzako, Aezkoako eta Bortzirietako herri ekimenek, DBUseko langileek, Torturatuen Sareak eta Egiari Zor fundazioak.

Azaroaren 26an 40 urte beteko dira Guardia Zibilak Mikel Zabalza Garate atxilotu, torturatu eta hil zuenetik. Data seinalatu hori probestuz, azaroaren 26tik abenduaren 14ra, Zabalaza desagertua izan zen egunetik, Bidasoa ibaian agertarazi zuten egunera arte, autobus batek Euskal Herria zeharkatuko du. Autobusa Bortzirietatik pasatuko dela iragarri dute. 

Aste honetan aurkeztu dute Mikel Zabalza 40 urte gogoan egitasmoa eta Altzako, Aezkoako eta Bortzirietako herri ekimenek, DBUseko langileek, Torturatuen Sareak eta Egiari Zor fundazioak «elkarlanean» antolatu dute. Euren hitzetan, «hil zutenetik 40 urte pasatu diren honetan, Mikel Zabalza estatuko indarkeriaren biktima aitortu dute Hego Euskal Herriko instituzio nagusietan, Eusko Jaurlaritzak 2022an eta Nafarroako Gobernuak 2024an. Beti aldarrikatu ditugun egia, justizia eta erreparaziorako bidean, pauso garrantzitsuak egin dira azken hamarkadan. Hala ere, aitortza instituzional horiek ez dute kontakizun osoa azaleratu: zer gertatu zen zehazki, non, nork, nola.... Erantzunen bila goaz».

Memoriaren haritik tiraka sortu dute Euskal Herria autobusean zeharkatzeko egitasmoa. Izan ere, Zabalza Donostiako autobus publikoen langilea zen 1985ean Guardia Zibilak hil zuenean. Gertakari hark mobilizazio andana eragin zituen, manifestazio jendetsuak eta greba orokorra, bertzeak bertze. Tartean, bere lankideek autobusaren bitartez egin zuten protesta: Hemen ez dago gidaria, non dago? zioen pankarta Donostiako Udaletxeraino eraman zuten autobusetik zintzilik. 

40 urteren ondotik, ekintza hura berreskuratu nahi dute. Autobusak Orbaizeta, Iruñea, Bortziriak, Altza eta Donostia lotuko ditu eta antolatzaileek aitzindu dutenez, «Zabalza auziaren nondik norakoak ezagutarazteko helburuz, autobusak erakusketa bat izanen du barrenean. Eta tokian toki, ekintzak antolatuko ditugu autobusaren bueltan». Abenduaren 14an emanen diote akabaila egitasmoari, ekitaldi nagusia Donostian eginez.

Gaineratu dutenez, «belaunaldiz belaunaldi mantendu dugu bizirik Mikelen memoria. Hari horren bidez dugu gaur gogoan; eta datozen belaunaldiengana luzatzeko konpromisoa berretsi nahi dugu. Egia eta justiziaren bidean, Euskal Herrian milaka lagun torturatuk indar polizialen eskuetan pairaturikoa ahanzturaren zakuan galdu ez dadin eta halakorik bertze inori gertatuko ez zaiola berma dezagun».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun