Uda mugitua izan da baserritarrendako, mingain urdinaren eritasunak gogor jo baititu aziendak. Zehazki, zortzigarren serotipoak eragin ditu kalteak, «ardietan fuerte eta behietan suabeago». Hala dio Josu Sarobe Karrikas Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak Elizondon duen egoitzako albaitariak. Datuak ere eman ditu, «ofizialki Baztan-Bidasoa aldean mila ardi pasa hil» direla ohartaraziz. «Baina negu aldera jakinen dugu zenbaki zehatza, oraino azienda batzuk mendian baitaude eta aunitz baja eman gabeak baitira». Bere kalkuluen arabera, «doblea izaten ahal dira, hau da, bi mila ardi hilak». Zortzigarren serotipoko mingain urdinaren gaitzaren arrastoa «uste genuena baino fuerteagoa» izan omen da. Baina ez hori bakarrik: Hirugarren serotipoa «hurbiltzen» ari da: «Teorian gogorragoa da, baina orain arte inguruan ikusi dugunez, ez da uste genuen bezain fuertea». Hala ere, bere gomendioa argia da: «Eritasun berriekin beti kasu eman behar da eta txertatzea inportantea da».
Mingain urdinaren harira, zein da egoera Baztan-Bidasoaldean?
Lehenbiziko sustoa ekain aldera hartu genuen, aziendak fuerte eritzen hasi zirenean, baita hiltzen ere, batez ere ardiak. Behietan suabeago jo du. Normalean moskitoen gaitzak abuztuan eta irailean etortzen dira, baina aurtengo neguarekin, ekainean hasi ziren, uste baino lasterrago. Orain, berriz, jendea txertatzen hasi da eta kontrolatuxeagoa dela erranen nuke. Mingain urdinaren gaitzak hainbat serotipo ditu eta hemen sartu zena zortzigarrena izan zen, eta orain hurbiltzen ari dena hirugarrena da. Teorian gogorragoa da, baina inguruan, konparazione Gipuzkoan, ikusi dugunez ez omen da uste genuen bezain fuertea.
«Zortzigarren serotipoaz gain, orain hirugarrena ere hurbiltzen ari da»
Zortzigarren serotipo horrek zenbateko eragina izan du?
Bildutako datuen arabera, Baztan-Bidasoaldean, mila ardi pasa hil dira, baina datu estraofizialak falta dira. Negu aldera jakinen dugu datu zehatza, ardiak etxera biltzen dituztenean, oraino azienda aunitz mendian baitaude eta batzuk baja eman gabeak baitira. Doblea ere izanen dira, hau da, uda honetan bi mila ardi hilak izaten ahal dira. Baztanen, konparazione, ofizialki 500 hil dira, baina bertze horrenbertze izanen dira.
Zortzigarren eta hirugarren serotipoak aipatu dituzu. Zein dira bakoitzaren ezaugarriak eta ondorioak?
Mingain urdinaren gaitza moskito bidez kutsatzen da eta moskitoak ardiari atakatzen diolarik, muturra hanpatzen zaie, mingaina ilundu, hatsa hartzeko problemak izaten dituzte, artritis ere izaten ahal dute... Azkenean batzuk hiltzen dira eta bertzeak ez. Eta ez dakigu zertaz, baina zezenei eta ahariei, emeei baino pixka bat fuerteago jotzen die. Kaltea handiagoa edo ttikiagoa izanen da, baina bi serotipoen sintomak igualak dira.
Txertoen kontua nola joan da? Eskasia sumatu omen da...
Nafarroako Gobernuak beti zortzigarren serotipoaren kontrako txertoak diruz lagundu izan ditu, baina ardiendako direnak; behiendako direnak ez. Gobernuak txertoak erosten ditu eta guk albaitariei banatzen dizkiegu haiek ardiei paratzeko. Neguan bazen txertoa, eta akitutakoan, gehiago eskatu genituen, baina horiek ailegatzerako aziendak hiltzen hasiak ziren. Egia erran, ez guk, ez albaitari pribatuek ez genuen espero halako indarrarekin sartuko zenik. Baserritar batzuek sakelatik pagatu zuten txertoa, hemen ezin baita egun batetik bertzera erosi. Aurten, hirugarren serotipoaren kontrako txertoak ere erosi ditu gobernuak. 120.000 dosi ailegatu ziren eta berehala akitu ziren. Gehiago eskatu eta duela bi aste ailegatu ziren. Jendea ardiak txertatzen ari da.
Txertatzea nahitaezkoa da?
Orain ez. Martxora arte eremu batzuetan nahitaezkoa zen, eta gisa horretara, azienden mugimenduak murriztuak eta kontrolatuak ziren. Konparazione, lehen Andaluziatik honat ezin zituzten aziendak ekarri ez baziren txertatuak. Txertatzeko obligazioa kendu zutenean, neurri horiek alde batera gelditu ziren, eta orain artzain bakoitzak erabakitzen du paratu edo ez. Erraten ahal dugu, artzain profesionalek neguan zortzigarren serotipoaren kontrako txertoa paratu zietela ardiei eta horiek ez dutela arazorik izan. Txertatu gabekoak izan dira arazoak izan dituztenak.
«Eritasun berriekin beti kasu eman behar da»
Txertoa nahitaezkoa ez izatea, onerako edo txarrerako izan da zure irudiko?
Pasatu dena ikusita, txarrerako. Txertoak batzuetan ondorioak ekartzen ahal ditu, eta jendeak batzuetan errezeloa izaten du. Horrez gain, txertoa paratzeak lan gehigarria eskatzen du, eta jendeak arriskurik ikusten ez duenean, nahiago du txertorik ez eman. Baina txertatzerakoan ez duzu zure azienda bakarrik babesten, gaitza kontrolatzen laguntzen ari zara, eskualde osora ez zabaltzeko laguntzen. Ez bada nahitaezkoa jendeak ez du txertatzen, baina arriskua beti bada, eta eritasun berriekin beti kasu eman behar da.
Aurten aitzineko urteetan baino gehiago zabaldu da. Zergatik?
Alde batetik, aitzineko urteetan baino aldaera fuerteagoa izan delako, eta bertzetik, defentsa gabe errazago sartu delako. Frantziako estatuan borondatezkoa da txertoa ematea, eta joan den urtean ohartzen hasiak ginen Iparraldetik fuerte heldu zela zortzigarren serotipoa, aldaera gogorragoa zela eta azienda gazteei jotzen ziela batez ere, egundaino txertatu gabekoei. Urdazubira ere bakar batzuk pasatu ziren.
Erran duzunez, behietan kaltea arinagoa izan da...
Bai, hori da. Mingain urdinaren gaitzarekin behirik ez da hil. Hala ere, espero zena baino eragin handiagoa izan du behien artean ere. Batez ere esne behietan sumatu da, moteldu dira eta esnea gutitu zaie, baina antiinflamatorioekin guti goiti-beheiti aitzinera atera dira, nahiz eta batzuei arrankatzea kosta zaien.
Baserritarrak kezkatuak sumatzen dituzu?
Bai, inoiz baino kezkatuagoak. Jendeak zortzigarren serotipoarekin zer gertatu den ikusi du, eta hirugarren serotipoarekin etortzen ahal denarekin izutua dago, eta garaiz txertatzen ari da. Aldi honetan, ez dago txertatzeko konbentzitu beharrik, eta pentsatzen dut txertatzen bada, hirugarren serotipoa sartzen denerako, aunitz artalde prestatuak izanen direla. Aunitzetan jendeak erraten du ez duela txertatu. Bai, baina bere ingurukoek aziendak txertatu baldin badituzte, nahi gabe zureak ere babesten ari dira. Kontuan izan behar dugu txertoa eman eta hilabete baten buruan hasten dela efektua izaten eta urte baterako balio duela. Eta artaldea eri badago, kalterako ere izaten ahal da. Lehendabizi intsektua hil behar da, eta ondotik, txertatu.
«Baserritarrak inoiz baino kezkatuagoak sumatu ditut»
Zer aholku emanen zenuke?
Txertatzeko, bai hirugarren serotipoaren kontra, baita zortzigarrenaren kontra ere. Eritasuna hurbil dugularik beti neurriak hartu behar dira, eta batez ere eritasunak moskitoetatik transmititzen baldin badira. Aziendatik aziendara transmititzen direlarik, aziendak bakartuz edo kontrolatuz, eritasuna kontrolatzen ahal da, baina moskitoetatik heldu diren eritasun hauek edozein momentutan ailegatzen ahal dira. Txertoa da dugun tresna kasik bakarra. Sintomak arintzeko antiinflamatorioak izaten ahal dira, eta bigarren mailako infekzioak prebenitzeko antibiotikoak hor daude, baina niretako, txertoa arras efikaza eta beharrezkoa da.
Nafarroako Gobernuak badu neurririk hartzeko intentziorik?
Kaltea ikusita, pentsatzen dut txertoak diruz laguntzen segituko duela. Horrekin lotuta, aipatu nahi nuke Nafarroako Gobernuak azienden osasunaren defentsarako elkarteendako dirulaguntzak izaten dituela, ADS deituendako. Abeltzainak elkartuta sortutako elkarteak dira eta elkarrekin beraien ixtegietarako osasun plan bat aurkeztu eta gobernuak dirulaguntzak ematen dizkie, bertzeak bertze, albaitaritzako zerbitzua eta txertoak eskainiz. Eredu hori ez da hainbertze hedatu hemen, baina aukera bat izaten ahal da gastuak elkarbanatzeko.
