Usategietako tradizioaren besta irailaren 28an ospatuko dute Lizarietako lepoan

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 26a

Munduko makila botatze txapelketaren hamargarren edizioa eginen dute igandean Lizarietan.

Bertze urte batez, Usategietako Tradizioaren besta ospatuko da Lizarietako lepoan, Sara eta Etxalar herriak elkartzen diren tokian, bi herrietako usazaleek antolaturik. Bi herrietan bizirik irauten duen Usategietako jarduera ezagutzera eman eta elkarrekin besta egun eder bat gozatzeko aukera izanen DUTE irailaren 28an, igandean. 

Etxalarko eta Sarako usazaleek antolatua, bi herrien arteko hitzarmena berretsiko da, bertze zenbait ekitaldirekin batera

Ohiko moduan, makila egite erakustaldia eta tresna zaharren erakusketa izanen dituzte goiz osoan. 11:30ean X. Munduko Makila botatze txapelketa eginen dute: Helduen maila eta gazteena (13-16 urte) izanen dira. Nahi duenarentzat makila botatzea probatzeko aukera ere eskainiko dute. Makila (paleta edo karrotea ere erraten zaiona), usazaleen lanerako tresna da. 12:30ean Sarako eta Etxalarko alkateek 2011ko irailaren 4ko Hitzarmenaren sinadura berrestea eginen dute. 14:00etan bazkaria izanen dute; zirietan erretako aretxe haragia, Beñat Mitxelena musikariak lagundurik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun