Nafarroako erremonte txapelketako finalistak asteburu honetan erabakiko dira Lodosan eta Aiegin

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 25a

Joaneko partidan Otxandorenak eta Otanok hogei tantotan utzi zituzten Mikelarena eta Ion.

Nafarroako erremonte profesionaleko hogeigarren txapelketako finalerdietako itzulerako partidak jokatuko dituzte ortziralean Lodosan eta larunbatean Aiegin. Joaneko norgehiagoketan garaipen garbiak lortu zituzten Xanti Uterga doneztebarrak eta Agirrezabalak eta Eloi Otxandorena doneztebarrak eta Otanok, baina orain erabakiko da urriaren 4an Zubirin jokatuko den finalean zein bikote izanen diren.

Uterga-Agirrezabala eta Otxandorena-Otano bikoteek alde politarekin irabazi zuten finalerdietako joanekoan, baina Matxin III.a-Barricart eta Mikelarena-Ion buelta ematen saiatuko dira itzulerakoan

Irailaren 26an, ortziralean 19:00etan Lodosako San Francisco Javier pilotalekuan hasiko den jaialdiko lehen partidako erremontista guztiak eskualdekoak izanen dira: Koteto Ezkurra III.a eta David Mitxeo doneztebarrak, Jon Sagaseta iruritarraren eta Markel Leatxe donamariarraren kontra ariko dira. Gero, Nafarroako erremonte txapelketako finalerdietako itzulerakoa jokatuko dute Xanti Uterga doneztebarrak eta Agirrezabalak, Matxin III.aren eta Barricarten kontra. Joanekoan 35-22 irabazi zuten Utergak eta Agirrezabalak eta, beraz, 23 tanto egitea aski izanen dute finalerako sailkatzeko.

Irailaren 27an, larunbatean 18:00etan Aiegiko kiroldegian hasiko den jaialdiko lehen partidan, Jon Sagaseta iruritarra eta Xuban Ilarregi oiztarra, Koteto Ezkurra III.a doneztebarraren eta Agirrezabalaren kontra ariko dira. Ondotik, finalerdietako itzulerakoa jokatuko dute Eloi Otxandorena doneztebarrak eta Otanok, Mikel Mikelarena oiztarraren eta Ionen kontra. Joanekoan 35-20 irabazi zuten Otxandorenak eta Otanok eta, beraz, orain 21 tanto egitea aski izanen dute urriaren 4an Zubirin jokatuko den finalerako txartela lortzeko.

Ohi bezala, bi jaialdi hauetako sarreretan lortzen den dirua ADANO elkartera (Nafarroan minbizia duten haurren aldeko elkartea) bideratuko du Euskal Jai Erremonte Fundazioak. 22 urtetik goitikoek hamar euro ordaindu beharko dute, 16 eta 22 urte artekoek bortz euro eta ttikiagoek sarrera doan izanen dute. Azken jaialdietan bezala, Gazako genozidioa ere salatuko dute Lodosan eta Aiegin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun