Donezteben eginen duten Topaketa Morean izena emateko azken egunak

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 23a

Joan den urteko Topaketa Morean hartutako irudia.

Emakumeak politikan. Erronkak eta aukerak Nafarroan izanen dute topaketan hizpide. Topaketan parte hartzeko irailaren 26a baino lehen eman behar da izena.

COMFIN Nafarroako Berdintasunaren Aldeko Emakumeen edota Feministen Erakundeen Koordinakundeak antolatutako XII. Topaketa Morea Donezteben eginen dute aurten. Urriaren 4an izanen da, zineman. Aske Malerrekako Emakume Elkartearen, Doneztebeko Udalaren eta Malerrekako Mankomunitatearen laguntzarekin prestatu dute.

Egitaraua

09:15ean Aske elkarteak harrera eta ongietorria eginen du; 09:30ean topaketari hasiera emanen diote eta horretarako topaketan izanen dira Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidentea, Patricia Abad Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea eta Yolanda Rodriguez COMFINeko lehendakaria. 10:00etan Emakumeak politikan. Etorkizuneko erronkak: Parekidetasunatik berdintasunera solasaldia emanen du Nuria Varela idazleak eta gaian aditua denak. 11:30ean deskantsua hartu ondotik, 12:00etan berriz hasiko dira. Jardunean dauden emakume politikarien eta COMFINeko bazkideen testigantzak biltzen diren dokumentala emanen dute eta 12:30ean parte hartzeko tailerrak hasiko dira: Emakumeok politikan ditugun zailtasunak eta beharrak, Emakumeek politikan parte hartzeko eragin feminista eta Politikarien foru sarea sortzeko eta sendotzeko oinarriak. 13:45ean hiru tailerretan ateratako ondorioak hartuko dituzte hizpide eta topaketari Arantxa Arregi Doneztebeko alkateak eta Cederna Garalur elkarteko lehendakariak emanen dio bukaera.

Izena lotura honetan sartuta eman behar da. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun