Palestina

[ARGAZKIAK] 'Ibaitik itsasora' elkartasun martxaren harira «hagitz balorazio positiboa» egin dute antolatzaileek

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 22a

Ibaia eta itsasoa lotuz, irailaren 10ean Tuteratik abiatutako Palestinaren aldeko elkartasun martxa, larunbatean Hendaian borobildu zuten. Hamaika etapatan milaka lagunek parte hartu dute eta antolatzaileek erran dutenez, «aurreikuspen guziak gainditu» dituzte. Hala ere, «borrokak segitzen duela» oroitarazi dute. 

Palestinako herriari elkartasuna adierazteko eta Israelgo gobernuaren genozidioa salatzeko hamaika eguneko elkartasun martxa irailaren 16an ailegatu zen eskualdera, Malerrekara zehazki. Ondoko egunak Malerrekan, Bertizaranan, Baztanen eta Bortzirietan pasatu zituen, ortziralean, irailaren 19an, Beratik Irunerako bidea hartu zuen arte. Ortzirale goizean, Berako Herriko Etxeko Plazan egina zuten hitzordua eta jendetza bildu zen: herritar aunitz eta Berako Toki Ona, Labiaga ikastola eta Ricardo Baroja eskolako ikasleak tartean. Handik, trenbidean barna, Irunera ailegatu ziren. Larunbatean, berriz, Irundik Hendaiarako etapa egin zuten, elkartasun martxako azkena, eta horretan ere jende aunitz animatu zen.

Antolatzaileak gustura erantzunarekin

Antolatzaileak «kontent» gelditu dira martxak izan duen erantzunarekin, eta «eskerrak» eman nahi izan dizkiete «etapa bakoitzean parte hartu duten guziei, elkartasun kolektiboei, laguntza eman duten administrazioei eta gure berri ematea erabaki duten komunikabideei». Kontatu dutenez, etapa bakoitzaren antolaketan «ehun lagun baino gehiago aritu dira herriz herri lanean. Ibilbidean muralak egin dira, pankartak paratu, henna tailerrak egin, herri bazkariak, solasaldiak, proiekzioak, dabke dantzak, ARTibismo jaialdiak... Musika, poesia eta margolaritzaren bidez, Palestinaren aldeko elkartasun sortzailea inoiz baino biziago dagoela erakutsi da». Horrekin batera, martxak izan duen «dimentsio emozional handia» ere azpimarratu dute: «Bihotz ederrak elkarrekin oinez, tarte ttiki bat bertzerik ez bazen ere, konpromisoaren eta itxaropen partekatuaren adierazpena izan da».

Hamaika etapak bukatu badira ere, «borrokak segitzen» duela nabarmendu dute antolatzaileek, eta «energia kolektibo hori kanalizatzen segitzea» da orain euren ustez erronka, hala, «konplizitateak hausteko, Israelgo gobernu sionista isolatzeko eta Palestinako herriaren eskubideak betearazteko». Palestinak «bere lurralde osoan askatasunez bizitzeko eta errefuxiatuek bueltatzeko duten eskubidea» aldarrikatu dute, baita «preso politikoen askatasuna eta bere baliabide naturalen gainean burujabetza» ere. Bide beretik, «Israelgo gobernu genozida ordezkatzen duen edozeinentzat, boikot akademikoa, kirol mailakoa eta kulturala babesteko» deia egin dute, eta gisa berean, «Israelgo gobernu genozidarekin duen harreman oro berehala eta osotasunean eteteko exijitu» diote gobernuari.

Ekitaldi gehiago Beran

Palestinaren aldeko ekimenekin bat eginez, Beran bertzelako ekitaldiak egiten ari dira. Horri lotuta, asteburuan, irailaren 27an eta 28an, 17:00etatik 20:00etara, erakusketa paratuko dute Labiaga Ikastolako areto nagusian. Horrez gain, ortziralean, irailaren 26an Omar filma pantailaratuko dute 19:00etan, eta larunbatean, Erresistentzia suntsiketaren aurrean hitzaldia emanen du Txuri Ollok, 17:00etan. Azken bi hitzorduak ere Labiaga Ikastolako areto nagusian izanen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun