Hiru Hiriburuak txapelketako elite mailan ariko dira Goiuri Zabaleta eta Nahia Bertiz

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 17a

Hiru Hiriburuak txapelketaren aurkezpenean parte hartu zuten pilotariak eta antolatzaileak.

Hiru Hiriburuak pilota txapelketaren laugarren edizioa abiatuko da igande honetan Gasteizko Beti Jai pilotalekuetan. Guztira 70 izanen dira lau mailatan (hasiberriak, gazteak, promesak eta eliteak) lehiatuko diren emakumeak. Elite mailan, Goiuri Zabaleta leitzarra eta Nahia Bertiz sunbildarrak izanen dira eskualdeko ordezkariak.


Aurrelari leitzarra Mendizabalekin ariko da eta Sunbillako atzelariak Salsamendi izanen du lagun aitzineko koadroetan

Txapelketa irailaren 27an hasiko da Gasteizko Ogeta pilotaleku mitikoan, egun osoko pilota maratoi batekin. Bertan maila guztietako aurre-kanporaketak jokatuko dituzte eta aurrera egitea lortzen dutenek urriaren 5an izango dute hurrengo hitzordua, emakumeen esku pilotan hain berezia bilakatu den Bilboko Esperantza pilotalekuan. Finalak urriaren 12rako daude iragarriak, Donostiako Atano III.a historikoan, ETB-1eko kamerek zuzenean emango duten jaialdian.

Elite mailari dagokionean, aurten zortzi bikotek hartuko dute parte; Etxegarai-Gaminde, Arrizabalaga-Bergara, Zabaleta-Mendizabal, Arraiza-Capellan, Ibarrola-Betegi, Salsamendi-Bertiz, Aldai-Erasun eta Uriarte-Perez. Zabaleta-Mendizabal izan ziren iazko irabazleak eta aurten txapela defendatzeko aukera izango dute oso orekatua espero den txapelketa batean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun