Bidasoko Bide Berdea Elizondoraino hedatzeko lanak aitzineratuak dituzte

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 16a

Bide Berdea Lekarozko Enpresa Campusarekin lotzen duen egurrezko pasabidea paratu zuten joan den ortziralean. Argazkia: Ondikol

Bidasoko Bide Berdea Elizondoraino hedatzeko lanak arras aitzineratuak daude dagoeneko, eta joan den asteazkenean hasi ziren Baztan ibaia gurutzatzen duen pasabidea jartzen Lekarozko Enpresa Campusaren ingururaino.

Joan den ortziralean Lekarozko Enpresa Campusarekin lotzen duen ia 40 metroko egurrezko pasabidea paratu zuten

Doneztebe-Elizondo adar berriak 15,3 kilometroko luzera du eta 1.682.969,80 euroko aurrekontua. Cederna Garalur elkarteak sustatu du, Europako Next Generation EU funtsekin. Batez ere garai bateko Bidasoko trenaren trenbide zaharra erabiltzen ari dira eta zati batzuetan, tokiko bideak eta errepideak. Doneztebe, Legasa, Narbarte, Oieregi, Oronoz-Mugairi, Arraioz eta Elizondo herrietatik igarotzen da bide berria.

Hiru zati

Obra hiru zatitan egiten ari dira: Doneztebetik Oronoz-Mugairira; Oronoz-Mugairitik Arraiozera; eta Arraiozetik Elizondora.

Lehen zatiaren barrenean, ibilbideak Legasatik eta Narbartetik Oieregiko Erreparatzeko Erdi Aroko zubia zeharkatuko du, eta, Bertizko Jaurerriko Parke Naturala zeharkatu ondotik, Oronoz-Mugairiraino ailegatuko da.

Bigarren zatian, Baztan ibaiarekiko paraleloa den bide berri bat hartuko da, Ugaldea baserriaren ondotik igaro eta geri, bidearen erabiltzaileak Arraiozeraino hurbilduko dituena.

Garabiarekin zubia paratzeko lanean. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Hirugarren zatian, Artesiaga errekaren gainetik igaroko da, eta gaur egun arras egoera kaxkarrean dagoen trenaren zubi zaharra zaharberrituko dute. Oinezkoek bakarrik erabili ahal izanen dute. Iruritako Loizu hiltegira iritsi ondotik, dagoen bidetik joan eta Baztan ibaira iritsiko dira erabiltzaileak. Joan den ortziralean, Lekarozko Enpresa Campusarekin lotzen duen 38,73 metro luze eta 3 metro zabal dituen egurrezko pasabidea paratu zuten ibaia gainditzeko. Lekarozko institutua inguratu eta gero, Elizondora ailegatuko da Bide Berdea.

Bide Berdea Lekarozko institutua inguratzen. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Gaur egun 42 kilometro ditu Bidasoko Bide Berdeak, Behobiatik Doneztebera eta Doneztebe-Elizondo tarterekin 15,3 kilometro gehiago izanen ditu, 57,3 kilometro guztira. Gisa honetara, ondare historikoa berreskuratzeaz gain, oinezkoendako eta txirrindulariendako ibilbide berde bat sortuko du, eta onuragarria izanen da da turismoarendako eta tokiko biztanleen eguneroko bizitzarendako.

Lekaroztik Elizondorantz hartuko du Bide Berdeak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun