Iturregi eta Mitxeo Nafarroako erremonte txapelketako finalerdietatik kanpo gelditu dira

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 15a

Igandean Zangozan jokatutako partidan, Zeberio IIa. eta Ionek 35-17 irnbazi zieten Sagasetari eta Mitxeori. Azken bikote hau gelditu da finalerdietatik kanpo.

Nafarroako erremonte profesionaleko hogeigarren txapelketak jardunaldi bikoitza izan du asteburu honetan, hasierako ligaxka bukatzeko, larunbatean Atarrabian eta igandean Zangozan. Bietan, Zeberio II.a eta Ion aritu dira eta bietan garaile suertatu dira. Larunbatean 35-20 irabazi zieten lidergoa galdu duten Eloy Otxandorenari doneztebarrari eta Otanori eta igandean 35-17 irabazi zieten Xuban Iturregi iruritarraren ordez aritu zen Jon Sagaseta iruritarrari eta David Mitxeo doneztebarrari. Azken bikote hau da finalerdietatik kanpo gelditu dena.

Zeberio II.ak eta Ionek asteburuan jokatutako bi partidak irabazi dituzte

Larunbatean Atarrabiako Paz de Ziganda ikastolako kiroldegian jokatu zen jaialdia. Nafarroa Oinez antolatzen ari da aurten Paz de Ziganda Ikastola eta pilota jaialdia ere horren barrenean dago. Zesta punta partida jokartu zuten lehenik eta erremonte txapelketako partidan, Zeberio II.a eta Ionek 35-20 irabazi zieten Eloy Otxandorena doneztebarrari eta Otanori.

Larunbatean Atarrabian jokatu zen jaialdian ere Palestinaren aldeko aldarrikapena egin zuten.

Hasiera berdindua izan zuen partidak, baina hamalaunako berdinketaren ondotik, sei tanto egin zituzten gorriek (20-14). Hiru tantora hurbildu ziren urdinak (22-19), baina 11-0ko partziala erabakigarria izan zen (33-19). Azkenean 35-20 irabazi zieten Zeberio II.ak eta Ionek, partida bakar bat ere galdu gabe zeuden Otxandorenari eta Otanori. Honela, ligaxkako lidergoa ere galdu zuen bikote honek

Igandean Zangozako Cantolagua pilotalekuan jokatutako jaialdiko lehen partidan Koteto Ezkurra III.a doneztebarrak eta Xuban Ilarregi oiztarrak 30-24 irabazi zieten Osesi eta Markel Leatxe donamariarrari. Txapelketako partidan, Zeberio II.ak eta Ionek 35-17 irabazi zieten Xuban Iturregi iruritarraren ordez aritu zen Jon Sagaseta iruritarrari eta eta David Mitxeo doneztebarrari.

Argazkietan ageri denez, joan den astean bezala, Erremonte Fundazioak Gazako genozidioaren kontrako agerraldia egin zuen bi jaialdietan.

 

Finalerdietako lehen partidak asteburu honetan

Asteburuko emaitza hauekin erabakia gelditu da finalerdietako gurutzaketa. Honela, ligaxkan lider izan diren Xanti Uterga doneztebarrak eta Agirrezabalak, laugarren izan diren Matxin III.aren eta Barricarten kontra jokatuko dute eta bigarren izan diren Eloi Otxandorenak eta Otanok, hirugarren izan diren Zeberio II.aren eta Ionen kontra jokatuko dute berriz ere. Finalerdietako joaneko partidak Los Arcosen larunbatean (Otxandorena eta Otano, Zeberio II.a eta Ionen kontra) eta Irunberrin igandean (Uterga eta Agirrezabala, Matxin III.aren eta Barricarten kontra) jokatuko dituzte. Itzulerako partidak irailaren 26an Lodosan eta irailaren 27an Aiegin jokatuko dituzte, hurrenez hurren. Irabazleek finala urriaren 4an jokatuko dute urriaren 4an.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun