Zeberio II.a eta Ion ariko dira bietan, larunbatean Otxandorenaren eta Otanoren kontra Atarrabian eta igandean Iturregiren eta Mitxeoren kontra Zangozan
Ligaxkako sailkapeneko bi lehenbiziko postuak segurtatuak dituzte dagoeneko Otxandorena-Otano eta Uterga-Agirrezabala bikoteek. Finalerdietako bertze bi bikoteak zein izanen diren zehaztuko da, beraz, asteburu honetan.
Irailaren 13an, larunbatean 18:00etan Atarrabiako Paz de Ziganda ikastolako kiroldegian hasiko den jaialdian zesta punta partida jokatuko dute lehenik. Nafarroa Oinez antolatzen ari da aurten Paz de Ziganda Ikastola eta pilota jaialdia ere horren barrenean dago. 3/12 Elkartearen alde eginen dute jaialdia. Txapelketako partidan, Zeberio II.a eta Ion, Eloy Otxandorenaren eta Otanoren kontra ariko dira.
Irailaren 14an, igandean 17:30ean Zangozako Cantolagua pilotalekuan hasiko den jaialdiko lehen partidan Osesek eta Markel Leatxe donamariarrak, Koteto Ezkurra III.a doneztebarraren eta Xuban Ilarregi oiztarraren kontra jokatuko dute. Txapelketako partidan, Zeberio II.a eta Ion, Xuban Iturregi iruritarraren eta David Mitxeo doneztebarraren kontra ariko dira. Hauek 33 tanto egitea aski dute finalerdietarako txartela segurtatzeko. Jaialdia ANECS elkartearen alde izanen da, Zangoza aldeko haur erien elkartearen alde.
Gainera, joan den astean bezala, Erremonte Fundazioak Gazako genozidioaren kontrako agerraldia eginen du bi jaialdietan.