Disko Golfeko denboraldia hasi da asteburu honetan. Desafio Aralar Erronka proba jokatu zen, Espainiako Kopako lehenengo torneoa. Igantziko Baxi Basajauna elkarteko bortz kirolari joan zen eta horien artean Iñaki Gonzalez Olaizola nabarmendu zen. MP50 kategorian irabazteaz gain, parte hartzaile guztien artean txartel onena bete zuen eta bakarra izan zen par azpitik bukatzen (-1).
Iñaki Gonzalezekin batera, Baxi Basajauna taldeko Toni Negrete aritu zen MP50 kategorian, Ion Juguera eta Josu Grela MA4 kategorian eta Oihan Ramos MJ18 kategorian.
Espainiako txapelketa urriaren 11n eta 12an
Hemendik hilabete batera, urriaren 11n eta 12an, Espainiako Txapelketa jokatuko da Kataluniako Palau i Solitá Plegamans herrian. MP50 kategorian,Baxi Basajaunako Iñaki Gonzalez Olaizola izanen da faboritoa eta MP60 kategorian Mikel Ibarrola doneztebarrak hartuko du parte, 7. ratingarekin. Kategoria honetan Carlos Rio izanen da faborito, Espainiako txapelketa hainbat aldiz eta Europakoa bitan irabazi duen kirolaria. Ibarrolaren helburua «bosgarren edo seigarren postuan gelditzea» izanen da.
Doneztebeko eskola
Bertze aldetik, denboraldi berrian ere, Doneztebeko Intzakardi parkeko Disko Golf eskolarekin hasiak dira. Asteazkenero 19:00etan bilduko dira.