Paisaia lehengoratzeko auzolana eginen dute Larhunen irailaren 27an

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 9a

Larhungo paisaia lehengoratzeko eta kalteak moldatzeko auzolana antolatu dute Poctefa programaren barrenean. Azken aldian Larhunera igotzen diren bisitari batzuek harriak bildu eta horiekin harri meta ttikiak edo irudiak egiteko ohitura hartu dute tontorrean dagoen eta Natura 2000 sareko babesa duen soro batean.

Ekintza horiek kaltegarriak dira naturarentzat paisaia kaltetzeaz gain, bazkaleku guneak aldatu, bioaniztasuna kaltetu eta historikoki pilota soro bat zena okupatzen dutelako. 

Auzolana irailaren 27an eginen dute, eta Larhungo tontorrera trenez igotzeko aukera ere izanen da. 09:30ean igoko dira parte hartzaileak eta 16:30ean itzuli. Horretarako, aitzinetik apuntatu beharko da n.courdurie@communaute-paysbasque.fr helbidera mezu bat bidalita irailaren 23a baino lehen.

Parte hartzaileek eskularruak, oinetako egokiak eta ura eraman beharko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun