Bazkarirako txartelak irailaren 25era arte salgai daude 50 eurotan elkarteko bazkideentzat eta 60 euro gainontzekoentzat
Laura Igantzik aipatu zuenez, 2006an egin zuten lehen ospakizuna Lesakan eta geroztik, hainbat herritan egin dute. 2023an Urdazubin eta iaz Berueten egin zuten. Heldu den urtean hogei urte beteko dituzte eta «beharbada, azkena izanen da». Aurtengoa Donezteben antolatzearen erru handia, «hasieratik elkartean lanean ari den Santi Hualderena eta Elgorriagako museoan lan handia egin duen Tomas Ibarrarena» dela ere azpimarratu zuen.
Doneztebeko Udala ere antolaketa lanean ari da, baina Arantxa Arregi alkateak aipatu zuenez, «protagonista ez da udala, artzainak baizik, aunitz baitute kontatzeko. Barrenetik, sentimendu guziarekin eta gogoekin egiten dugun besta da. Jende aunitzek laguntzen du».
Egitaraua
10:00etan hamaiketakoa eskolan. 11:00etan herri kirolak. Estefi Etxebeste harri altxatzen eta arpana erakustaldia. 11:30ean eliza aldera joanen dira txistulari, gaitari, erraldoi eta Zubietako joaldunekin. 12:00etan Meza Mendi abesbatzarekin. 13:30ean kalejira elizatik frontoiraino txistulari, gaitari, erraldoi eta Zubietako joaldunek lagunduta. 14:00etan Santamaria jatetxeak zerbitzatutako bazkaria, Highballen ondotik. Musika Jose Angel, Menditarrak eta Erramun Martikorenaren eskutik. 19:00etan autobusen irteera.
Bazkarirako txartelak
Bazkarirako txartelak 50 eurotan salgai paratu dituzte (60 euro Euskal Artzainak Ameriketan elkarteko kide ez direnentzat) eta irailaren 25a arte eskura daitezke. Gure inguruan, Bortzirietan (Lesakako herriko etxea eta Maitetxu Leonis), Malerrekan (Angie Otxandorena eta Jesus Mari Jorajuria) eta Baztanen (Panificadora Baztanesa, Erratzuko Iparla ostatua eta Arraiozko Zubiondo ostatua) hartzen ahal dira.
Tomas Ibarra, Zubietakoa: «Negua Utahko desertuan eta uda Coloradoko mendietan ematen nuen»
Zubietarra, lehenbiziko aldian ezin izan nuen Ameriketara joan. Hogei urterekin okasioa izan nuen joateko, baina Bilboko AEBko kontsulatuan, Ameriketara joateko, dokumentazioan nekazaria zinela agertu behar zuen, Labrador, eta nirean Aprendiz agertzen zen. Horregatik ez zidaten Ameriketara joaten utzi. Soldadu joan nintzen segituan, bueltan etorri, nortasun agiria atera nuen (han ere Labrador jartzen zuen) eta bi hilabeteren buruan berriz banuen papera joateko. Baina ez nintzen joan, inguruan presio handia nuen, ez familiakoena, lagunena. Handik bost urtera, inori deus esan gabe joan nintzen. Lau urte eskas egin nituen han, hemen daudenekin konparatuta gutxi. Colorado eta Utah estatuen mugan nintzen, negua Utahko desertuan pasatzen nuen, 1.500 metro bajuena, eta uda Coloradoko mendietan, 4.000 metrotan eduki nituen ardiak. Konparazio batera, Bardeetan eta Erronkariko mendietan egotea bezalakoa zen, berdintsua zen. Zubietako nire adineko jendeak egin zuen gauza zen eta nik egin izana ere harro nago.
Santi Hualde, Zubietakoa: «Artzainen besta Donezteben egin ahal izatea handia da niretzat»
Hiru anaia joan ziren Zubietatik eta bertze biak oraindik Ameriketan bizi dira. 1964an joan ginen kuadrilla handia, tartean Jesus Goñi bertsolaria. New Yorkera ailegatu eta han partitu ginen, batzuk alde batera, besteak bestera. Bi zubietarrak, bi iturendar, baztandar bat… bost joan ginen eta euskaldun bat etorri zitzaigun. Urte eta erdi egin nuen arditan eta handik Kaliforniara pasatu nintzen. Suertea izan nuen eta paperak agudo egin zizkidaten, hiru urte eta gutti gehiagorekin, lehendik zeuden batzuei baino lehenago. Denetara zazpi urte egin nituen. Hilabete baterako etorri nintzen Zubietara eta 41 urteren buruan bueltatu nintzen Ameriketara. Hagitz diferente zegoen, ez zuen zer ikustekorik. Eta orain, artzainen besta hau Donezteben egin ahal izatea handia da niretzat, bizi naizen artean gogoratuko dudan zerbait.
Lucio Irisarri, Elgorriagan bizi den aizkundarra: «Gehien bat sukaldari ibili nintzen, baita euskal dantza taldean ere»
Sei anaia joan ginen, baina ni artzain gutti ibili nintzen, sei bat hilabete izan nintzen ardiekin. Anaia joan zen lehenik, sukaldari aritu zen eta etorri zen bueltan, berriz joateko, baina hemen neska bat ezagutu zuen eta ni joan nintzen bere ordez. Baina ordurako sukaldari bazen han eta sukaldari izan baino lehen ardien lana ikasi behar nuela eta sei hilabete egin nituen artzain. Gero, lau urtez sukaldari izan nintzen, langileendako janaria prestatzen. Lau urteren buruan ‘Green Card’, karta berde delakoa hartu eta jatetxe batean aritu nintzen sukaldari. Bertako euskal dantza taldeko dantzaria ere izan nintzen eta igandetan ibiltzen ginen harat eta honat, autobusa eta hegazkina hartu eta dantzetan. Aski ongi pasatzen genuen.
Jesus Mari Jorajuria, Sunbillakoa: «Ezagutzen ez nuen anaia Ameriketan ezagutu nuen eta bertze bat ezagutu gabe hil zen istripuan»
Bederatzi urte eman nituen, bortz arditan eta lau eraikuntzan, Wyomingen. Aita joan zen lehenik eta gero bederatzi anaiak. Hamazazpi urterekin joan nahi nuen, baina aitak ez zidan utzi, berak baitzekien hura zer zen. 18 urte bete nituen astean martxatu nintzen. Aita eri zegoen, joan nintzen bere ohatzera eta despeditu nuen. Eta erran zidan: ‘Ibili beti formal eta beti erne’. Tristea izan zen. Amari bi musu eman eta fuera! Bidaia luzea izan zen. Trena hartu Bilbon eta sekulan ez ginen ailegatzen: abiatu eta gelditu, abiatu eta gelditu. Biharamun eguerdian ailegatu ginen Madrilera. Gizon bat nuen esperoan eta hamar dolar eman zizkidan, hegazkinean kafe bat hartzeko. New Yorkera ailegatu eta kontrolean maleta irekitzeko! Amak hiru botil cognac paratuak zituen eta poliziak, zeinu bidez, erran zidaten gehienez bi sartzen ahal zirela. Gela ilun batera eraman gintuzten nirekin heldu zen Arbizuko bat eta ni eta han agertu ziren bi poliziak, lau baso handi hormarekin, nire botilarekin eta Coca-Colarekin. New Yorken edan nuen nire lehenbiziko kubata, hango bi poliziekin. Hegazkinean, Fresnora joan beharrean San Frantziskora bidali ninduten. Nire maleta zintan zebilen eta ni hari begira, kieto! Neska batek galdetu zidan maleta hura nirea ote zen. Paparrean nuen identifikazio txartela begiratu eta berriz ere Fresnora, militarren hegazkinean, neska hura ere militarra baitzen. Fresnon mutil beltz luze bat etorri zitzaidan bila, kotxe hori dotore batean, irratiarekin… Hemen ez genuen halakorik ikusi eta ni harritua begira, nola gidatzen zuen. Fresnora ailegatu eta Iturria Hotel… Barrenera sartu eta denak euskaraz! Baigorriko Maritxu zen nagusia. Nahi duzu txingarra eta arroltzea? galdetu zidan eta nik: Bai, bai… Baziren artzainak biltzen ziren hiru hotel: Basque Hotel, Vitoria Hotel eta Iturria Hotel. Nagusia etorri zen bere andregaiarekin, herri txar batera eraman, neskaren etxean afaldu eta arratsean mendira. Anaia han nuen eta gau guzia solasean pasatu genuen. Bertze anaia bat ere banuen han, nik ezagutzen ez nuena eta joan ginen ezagutzera. Autobusean eman genuen gau guzia eta anaiaren etxera joan, Arizonan, atea jo eta emakume bat atera zen: ‘¿Que tal cuñada?’ galdetu nion eta ‘No, yo soy la suegra’ erantzun zidan. Ongi hasi gaituk! Ultzamakoak ziren. Halako batean anaia etorri zen, han ezagutu nuen. Bertze anaia bat ez nuen ezagutu, ezagutu baino lehen hil baitzen.
Boisen bazen irrati bat, igandetan euskaraz ordu erdi egiten zuen, eta erne egoten ginen, ez genuen huts egiten, artzainok zorion mezuak eta bidaltzen genituen bat bertzeari. Ez genuen huts egiten. Guk eskribitu eta noizbait ailegatzen zen.