Palestina

Palestinako genozidioa salatu dute Nafarroako erremonte txapelketan ere

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 8a

Erremontistek Palestinako genozidioaren kontrako pankarta atera zuten ortziralean Artaxoan. Gero, urdinek (Uterga eta Agirrezabala) irabazi zieten gorriei (Zeberio II.a eta Ion).

Nafarroako erremonte profesionaleko hogeigarren txapelketak jardunaldi bikoitza izan du asteburu honetan, ortziralean Artaxoan eta igandean Altsasun. Bietan izan dira Xanti Uterga doneztebarra eta Agirrezabala, Artaxoan Zeberio II.aren eta Ionen kontra eta Altsasun Matxin III.aren eta Barricarten kontra. Bietan Uterga eta Agirrezabala suertatu dira garaile. Pilotan aritzeaz aparte, Palestinako genozidioa ere salatu zuten erremontistek. Erremonte Fundazioaren ekimenez, eta txapelketako jaialdiak hartuko dituzten udalekin bat eginez, txapelketako partida guztietan eginen dute salaketa, Genozidioari Gazan aski da goiburupean.

Ortziralean Artaxoan eta igandean Altsasun jokatutako jardunaldietan garaile suertatu dira Uterga eta Agirrezabala eta finalerdietarako txartela lortu dute.

Artaxoako txapelketako partidan, aipatu bezala, Utergak eta Agirrezabalak 35-23 irabazi zieten Zeberio II.ari eta Ioni. Markagailuak erakusten duena baino partida berdinduagoa izan zen, hogeinako berdinketara arte. Hortik aitzinera jaun eta jabe izan ziren urdinak eta partidako tanto alderik handiena azkenean izan zuten.

Jaialdiko lehen partidako lau protagonistak eskualdeko pilotariak izan ziren eta partida ezin berdinduagoa jokatu zuten: Xuban Iturregi iruritarrak eta Mikel Mikelarena oiztarrak 30-29 irabazi zieten Jon Sagaseta iruritarrari eta Markel Leatxe donamariarrari.

Altsasuko Burunda pilotalekuan jokatutako partidan ere 35-23 irabazi zieten Utergak eta Agirrezabalak Matxin III.ari eta Barricarti. Partida honetan, lehen tantoetan aitzinetik izan ziren Matxin III.a eta Barricart (0-3, 2-5), baina zazpina berdindu ondotik, lau tanto egin zuten Utergak eta Agirrezabalak (11-7) eta hortik aitzinera, aldea handitu eta partida erraz irabazi zuten.

Altsasun ere Palestinaren aldeko pankarta atera zuten. Hemen ere Agirrezabala eta Uterga (gorriz) suertatu ziren garaile.

Jaialdiko lehen partidan, Koteto Ezkurra III.a doneztebarrak eta Mikel Mikelarena oiztarrak 30-24 irabazi zieten Osesi eta Xuban Ilarregi oiztarrari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun