Urriaren 4an hasita, Nafarroako lur berdeak, horiak eta gorriak zeharkatuko ditu bertsolaritzak. Egun horretan hasiko dute txapelketa Auritzen, eta azaroaren 29an borobilduko dute Iruñean.
Larunbatean aurkeztu zuten 47. edizioa Iruñean, eta antolatzaileek nabarmendu zuten Nafarroako bertsolaritza «une gozoan» dagoela: «2023ko edizioan, Anaitasunako finala inoizko jendetsuena izan zen. Gorakada ari da bizitzen bertsolaritza Nafarroan, ikusle kopuruari eta bertsogintzari dagokionean». Horri lotuta, aldaketa bat izanen du txapelketak: «2025eko txapelketako finala Nafarroa Arenan izanen da lehenengoz. Urtez urte goiti doan bertsolarien mailak, eta hurbiltzen den bertsozale kopuruaren gorakadak, urrats kuantitatibo eta kualitatibo hau ematera garamatza».
30 bertsolarik eman dute izena aurtengo txapelketan, eta behin sailkatze fasea pasatuta, 24 izanen dira txapelketan ariko direnak. Horietatik erdiak dira eskualdekoak: Amaia Elizagoien Varela, Egoitz Gorosterrazu Elizagoien, Ekhiñe Zapiain Arlegi, Eki Mateorena Zozaia, Joanes Illarregi Marzol, Josu Sanjurjo Altzuri, Julen Zelaieta Iriarte, Kattin Madariaga Apaolaza, Patxi Castillo Graziarena, Urko Gartzia Aleman, Xabat Illarregi Marzol eta Xabi Maia Etxeberria. Horiekin batera ariko dira Aitor Irastortza Arrizurieta, Beñat Astiz Isasi, Ekain Alegre Gil, Endika Legarra Nuin, Eneko Lazkoz Martinez, Idoia Granizo Uribarrena, Jabi Lezaun Landa, Julio Soto Ezkurdia, Mikel Lasarte Cia, Saats Karasatorre Martinez, Saioa Alkaiza Guallar eta Sarai Robles Vitas.
Guztira, zortzi saio izanen ditu txapelketak: «Nafarroako Bertsozale Elkartearen helburuetako bat bertsolaritza Nafarroako lurralde osora hedatzea denez, apustu hori islatu eginen da txapelketan, saioak Nafarroako merindadeetako hainbat udalerrietan izanen baitira».
Bertso saioen datak
Lehenengo faseko lehenengo saioa Auritzen eginen dute urriaren 4an. Bertan kantuan ariko dira Aitor Irastortza, Egoitz Gorosterazu, Eki Mateorena, Eneko Lazkoz, Saats Karasatorre eta Urko Gartzia. Aurkezle lanetan Patxi Bueno ariko da.
Bigarren saioa urriaren 11n eginen dute Mutiloan. Beñat Astiz, Ekhiñe Zapiain, Idoia Granizo, Jabi Lezaun, Julio Soto eta Sarai Robles ariko dira bertan. Saioa Iratxe Legarrak aurkeztuko du.
Txapelketako saio guztietako sarrerak eskuragarri daude dagoeneko
Hirugarren saioa eskualdean izanen da, Iruritako Gizarte Bilgunean urriaren 18an. Amaia Elizagoien, Endika Legarra, Josu Sanjurjo, Julen Zelaieta, Patxi Castillo eta Xabat Illarregi bertsolariak ariko dira kantari, eta Ainhoa Larretxea saioa gidatzen.
Lehen faseko azken saioa, berriz, Los Arcosen izanen da urriaren 26an. Ekain Alegre, Joanes Illarregi, Kattin Madariaga, Mikel Lasarte, Saioa Alkaiza eta Xabi Maia izanen dira kantuan, eta Ander Aranburu aurkezle.
Lehen fasean puntuazio altuena lortzen duten 18 bertsolariak sailkatuko dira finalaurrekoetara. Agoitzen azaroaren 1ean, Leitzan 8an eta Tafallan 16an jokatuko dituzte. Finala, berriz, Iruñean izanen da azaroaren 29an Nafarroa Arenan.
Sarrerak dagoeneko eskuragarri
Finalerako sarrerak ez ezik, saio guztietakoak eskuragai daude dagoeneko www.bertsosarrerak.eus atarian. Saioen egunean bertan ere jarriko dira leihatilan salgai, beti ere Internet bidezko salmentan agortu ez badira. 17:30ean hasiko dira saio guztiak, salbu eta Iruritako lehenengo faseko saioa eta finala, 17:00etan hasiko direnak.