Herritarrak Artatzeko Bulego Ibiltaria Ezkurran, Beintza-Labainenen eta Goizuetan hurrengo egunotan

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 5a

Aurtengo martxoan aurkeztu dute herritarrendako arreta bulego ibiltaria. Irudia Felix Taberna Nafarroako Gobernuko lehendakariordea inaugurazioan.

Herritarrak Artatzeko Bulego Ibiltaria Nafarroako hainbat herritan ibiliko da irailean. Tartean, baita eskualdeko hiru herritan ere: Ezkurran, Beintza-Labainenen eta Goizuetan.

Bulego Ibiltari honek Nafarroako Gobernuaren hainbat zerbitzu, programa eta laguntzei buruzko informazio orokorra eskuratzeko aukera ematen du. Gainera, herritarrak lizentziak tramitatu ahal izanen ditu, Osasun Karpeta Pertsonalera sarbidea lortu, Cl@ve sistemako akreditazioak eskuratu, ziurtagiri digitala lortu edo, oro har, dokumentazio ofiziala erregistratu.

Irailaren 15ean, astelehena, Ezkurran izanen da; asteartean, 16an, Beintza-Labainenen eta asteazkenean, ostegunean eta ostiralean, irailaren 17an, 18an eta 19an, Goizuetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun