Bigarrenez Iruñean eginen dute Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala heldu den urteko abenduan

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 4a

2022an Maialen Lujanbio hernaniarrak irabazi zuen txapelketa.

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalak badu data eta lekua: 2026ko abenduaren 20an eginen dute Iruñeko Nafarroa Arenan. Horren aitzinetik jokatuko dituzte herrialdeetako txapelketak, tartean Nafarroakoa eta Xilaba.

Urriaren 4an hasi eta azaroaren 29an bukatuko da Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Larunbatean aurkeztuko dute jende aitzinean txapelketa eta orduan jakinaraziko dituzte parte hartzaileak eta saio bakoitzean nor ariko den kantari. Dagoeneko aurreratu dutena da finala Nafarroa Arenan izanen dela azaroaren 29an. Lehenengoz eginen dute finala bertan. 

Nafarroakoren data beretsuetan jokatuko dute Bizkaikoa ere. Irailaren 29an hasiko da, eta abenduaren 20 eginen dute finala Bilbon.

Nafarroako Bertsolari Txapelketa udazkenean jokatuko dute eta Xilaba udazkenean hasi eta neguan bukatuko da

Zuberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko Xilaba ere aurtengo udazkenean hasiko da. Nafarroako bukatu berritan, abenduaren 6an, Aiherran eginen dute lehen fasea. Urte bukaeran hasi eta 2026aren hasieran bukatuko da:  finala urtarrilaren 31n izango da, Donibane Lohizuneko Jai Alai pilotalekuan.

Azken txapelketa Arabakoa izanen da hurrengo urteko hasieran. Finala martxoaren 28an izanen da Gasteizen.

2026an izango da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa, eta horra begira, Arabatik, Nafarroatik eta Xilabatik bina bertsolari gehiago sailkatuko dira. Hortaz, Euskal Herrikoan 36 bertsolari izatetik 42 izatera pasako dira. Ondorioz, lehen faseak, saio bat gehiago izango du: sei beharrean, zazpi.

Finala, bigarrenez Iruñeko Nafarroa Arenan izanen da 2026ko abenduaren 20an.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun