Elite mailako esku pilotan Goiuri Zabaleta leitzarra izanen da eskualdeko ordezkari bakarra eta paletaz, larruzko pilotarekin, Marie Goienetxe senpertarra
Larunbat honetan Zizur Nagusian jokatuko dute sailkapen fasea, eskuz pilota goxoarekin eta promesa mailan eta bigarren mailako paleta goma txapelketan. Sei bikote onenak sailkatuko dira txapelketarako. Ondotik, lehen jardunaldia Aurizberrin irailaren 13an eta Leitzan irailaren 14an jokatuko dute. Bigarren jardunaldia, berriz, irailaren 19an Agoitzen, irailaren 20an Tafallan eta irailaren 21ean Erriberrin jokatuko dute eta hirugarren jardunaldia irailaren 27an Uharten eta irailaren 28an Iruritan.
Finalak urriaren 4an Lekunberrin (eskuz pilota goxoarekin, bigarren mailako paleta goma eta elite larruzko paleta) eta urriaren 5ean Iruñeko Navarra Arenan (eskuz promesa, lehen mailako paleta goma eta eskuz elite) jokatuko dituzte.
Guztiak guztiekin eta guztien kontra
Elite mailako esku pilota txapelketan, pilotari guztiek, guztiekin eta guztien kontra jokatuko dute. Partida bakoitzaren emaitzen arabera puntuazio bat lortuko dute eta sailkapeneko lehen bi postuetan dauden aurrelariek eta atzelariek finalerako txartela lortuko dute.
Eskuzko elite mailan, Aurrerako Goiuri Zabaleta leitzarra izanen da eskualdeko ordezkari bakarra. Berekin batera, Laia Salsamendi (Huarte), Aizane Ibarrola (Huarte), Leire Oskoz (Oberena), Ane Mendiburu (Huarte/Ados Pilota), Olatz Ruiz de Larramendi (Ados Pilota), Nora Mendizabal (Gazteleku) eta Arrate Bergara (Bergara) lehiatuko dira.
Larruzko paleta txapelketako elite mailan, berriz, SPUC taldeko Marie Goienetxe senpertarra ariko da. Berekin batera, Irati Purroy (Tenis Pamplona), Haizea Salanueva (Oberena), Uxue Murillo (Oberena), Olaia Sarasibar (Oberena), Elaia Zabalza (Auñamendi), Nagore Martin (Errekaleor) eta Irati Ruiz de Auza (Errekaleor) ariko dira.