Udako oporrak bukatuta, ikasturte hasierari begira jarriak dira ikasleak eta irakasleak. Irakasleek ofizialki astelehenean izanen dute lehenbiziko laneguna eta ikasle gehienak ere aste honetan bueltatuko dira.
Ikasturte hasierari begira jarri da Irache Nafarroako Kontsumitzaileen Elkartea eta Cies etxeari gastuen inguruko inkesta eskatu dio. Inkesta horren arabera, haurrak eskolara joateko adinean dituzten Nafarroako familiek, banaz bertze, 313 euro gastatuko dituzte ikasturte hasiera honetan. Hori haur bakoitzeko, eta joan den urtean baino hamabortz euro guttiago. Gehiago zehaztuta, «% 60k 100 eta 400 euro artean gastatuko dituzte; % 19k 400 eta 600 euro artean gastatuko dituzte; % 14k ehun euro baino guttiago eta % 7ak 600 euro baino gehiago».
TTIPI-TTAPAren eremuan, ez dago uniformeak ibiltzen dituzten ikastetxerik, baina Iracheren hitzetan, «ez dute 85 euro baino guttiago balio». Horri kirol arropa gehitu behar izanez gero, «lasai ederrean bertze 55 euro kostatzen ahal dira, oinetakoak sartu gabe».
Hortaz aparte, Irachek oroitarazi du «lehen eta bigarren hezkuntzetako ikasleek eskuliburuak doan hartzeko programa» hor dutela. Halakorik nahi ez dutenen kasuan, «testuliburuen gastua aldakorra da, baina 82 eurotik goitikoa izaten ahal da eta kurtsoak aitzinera egin ahala gastua handitzen da».
Horri bertzelako materiala gehitu behar zaio, eta horretan markek duten eragina ekarri du mahai gainera Irachek: «Badira bortz eurotik goiti balio duten motxilak eta badira, aldi berean, marka ezagunetakoak eta futbol taldeetakoak 89 euro balio dutenak». Gisa berean, «estutxeak, boligrafoak, lapitzak, pinturak… Horiek erosteak aisa balio izaten ahal du 42 euro baino gehiago. Eta horri koadernoak, orriak, karpetak… gehitu behar zaizkio», aipatu du kontsumitzaileen elkarteak. «Denetara, 100 euroko gastua izaten ahal da, bertzelako tresnak ere behar izaten baitira: aizturrak, kola, zeloa…». Eta horiez gain, «tresna teknikoak» behar badira, «konpasak, kalkulagailu zientifikoak… gastua igoko da». Horren harira, denda batzuek deskontuak egiten dituztela azpimarratu du.
Garraioa eta jangela dira bertze gastuak: «Ikastetxe kontzertatuetan garraioa hilabetean 89 eta 167 euro artean kostatzen ahal da eta jangelako prezioa hilabetean 115 eta 150 euro artekoa izaten da» Iracheren arabera.
Aholkuak
Ikasturte hasiera ate joka izanda, erosketak egin aitzinetik aholku batzuk eman ditu Irachek:
- «Ikasleek behar duten guziaren zerrenda egin».
- «Etxean dauden materialen errepasoa egin, eta horren arabera egiatan zer behar den jakinen dugu».
- «Erosketa batzuetan, prezioak konparatzeak laguntzen ahal du».
- «Markei baino gehiago erreparatu produktuen ezaugarriei eta kalitateari. Ikastetxera bueltatu aitzineko erosketak haurrak hezteko forma egokia dira».
- «Denda aunitzek deskontuak eskaintzen dituzte. Lasai hartu eta ongi aztertu. Kreditu azkarrak saihestu, hagitz interes altuak izaten baitituzte».
- «Materiala zaintzeak duen garrantzia adierazi seme-alabei».
- «Beharrezkoa ez bada, erosi poliki-poliki, data hauetatik kanpo prezioek beheiti egiten ahal baitute».
- «Bigarren eskuko materiala erabiltzeko gero eta plataforma gehiago daude».
- «Erosketen tiketak eta fakturak xehe-xehe eskatu, gerora erreklamatu behar izanez gero».
- «Dirulaguntzen inguruko informazioa bildu».