Uztailaren 4an ailegatzekoak ziren aurten haur sahararrak eskualdera, baina oztopoak izan zirela eta, uztailaren 18an ailegatu ziren. Ia hilabete eta erdi pasatu ondotik, aurtengo Oporrak Bakean programa amaierara iritsi dela iragarri du Saharaztanek oraingoan, eta aurreikusita zegoen bezala, haurrek etxerako bidea gaur bera hartu dutela aipatu du: «Goiz erdi aldera sartu dira eskualdean ibilitako haurrak hegazkinean Tindoufera joateko».
Aurten, Saharaztan elkartearen bidez, haimaika haur etorri dira eskualdeko hainbat familiatara: Sei haur Baztanera, lau Malerrekara eta bat Bertizaranara. Horietatik 10ek gaur bera hasi dute etxerako bidaia, baina, neska bat «osasun arrazoiengatik» hemen gelditu behar izan dela adierazi du elkarteak: «Neskato batek gurean gelditu behar izan du. Oinarrizko osasun tratamendu bat eginen du eta ongi bidean, abenduan bueltatuko da bere etxera».
Elkarteak aurtengo laguntzaileak izan direnei eskerrak eman dizkie, horien artean; Baztango Udalari, Sunbillako Udalari, Donamariako Udalari, Erratzuko artisauei, Osasun Zerbitzuetako hainbat langileri, haurrak zaindu dituzten familiei eta baita laguntzen ibili diren bizilagunei. Bertzalde, «datozen astetan elkarteak bere betebeharrei ekinen» diela aipatu du, eta «harrera familiek emozio olatua gestionatzeari ekinen» diotela gaineratu du. Azkenik, esperientzian parte hartzeko gomita zabaldu du: «Hurrengo urtean zu animatuko zara harrera familia bat izatera?».