Beti Gazte eta Doneztebeko talde nagusiek lagunarteko partida jokatuko dute ortziralean Lesakan

Ttipi-Ttapa 2025eko abuztuaren 27a

Doneztebeko eta Beti Gazteren arteko adiskidantzako partida, 2023ko abuztuan Donezteben. Argazkia: Jon Sein

2025-26 denboraldia prestatzen hasiak dira eskualdeko futbol taldeak. Futbol talde nagusien artean, Gipuzkoako Ohorezko mailan jokatzen duen Lesakako Beti Gazte taldeak eta joan den denboraldian Nafarroako maila Autonomikora igoera lortu zuen Doneztebek denboraldiaurreko lagunarteko partida jokatuko dute abuztuaren 29an, ortziralean 19:30ean Lesakako Mastegi futbol zelaian.

Denboraldiaurreko azken txanpan daude bi taldeak. Doneztebek, joan den urtean igoera lortu ondotik, Nafarroako maila autonomikako lehen jardunaldia iraileko lehen asteburuan jokatuko du. Zehazki, irailaren 6an, larunbatean 18:00etan jokatuko du Zangozan ligako lehen partida, Cantolagua taldearen kontra. Gipuzkoako Ohorezko mailan ari den Beti Gaztek, aldiz, astebete beranduago hasiko du denboraldia, etxean, Mastegin, Deusto taldearen kontra.

Ligan elkarren kontra jokatzerik ez badute ere, denboraldiaurrean klasikoa bihurtzen hasia da Beti Gazteren eta Donezteberen arteko lehia. Duela bi urte Donezteben aritu ziren eta joan den urtean Lesakan. Aurten, berriz ere Lesakan errepikatuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun