Bertako azienda arrazen Autentika azoka eginen dute Iruñean irailaren 5etik 7ra

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 4a

Betizua izanen da Autentika azokan balioan jarriko den bertako azienda arrazatako bat.

Autentika Nafarroako Arraza Autoktonoen Azokaren lehen edizioa eginen dute asteburuan Iruñean. Azoka irailaren 5etik 7ra eginen dte Runa parkean. Iruñeko Udalak sustatutako azoka da, INTIA eta Reyno Gourmetekin batera antolatua, Nafarroako Rural Kutxaren babesarekin eta ASLANA, ARANA, JACANA, ASCANA, Pottokalagun, Sasiko eta ASBENA elkarteen laguntzarekin.

Azokaren lehen edizio honen helburua da, batetik, Nafarroako bertako arrazak eta haien euskarri diren landa eta abeltzaintza inguruneei balioa ematea, eta, bertzetik, Nafarroan egindako hurbileko produktuak, zuzeneko salmentako zirkuituak eta herritarren eta lehen sektorearen arteko topagune bat sortzeko apustu irmoa.

Programazioaren barrenean, hezkuntza eta dibulgazio jarduerak, herri lehiaketak, bertako arrazen dastatze eta erakustaldiak, haurrentzako jarduerak, hurbileko produktuen azokak… daude, eta irailaren 2an, 3an eta 4an aurretiko programa batekin hasi da, abeltzaintzari, biodibertsitateari, belaunaldi erreleboari eta elikadura subiranotasunari lotutako hitzaldi eta dibulgazio topaketez betea.

Bertako abere arrazak bereziki babestu beharrekoak dira, animalien ondare genetikoaren parte baitira eta, batez ere estentsiboan hazten direnez, landa-ingurunearen iraunkortasunari laguntzen diote.

Babestu eta sustatzen diren Nafarroako arraza autoktonoen artean, honako hauek daude: piriniar arrazako behia, betizua, Nafarroako kastako zezenketarako arraza, Jaca Navarra, Burgete eta pottoka arrazako zaldi aziendak; euskal txerria; latxa, Nafarroa eta sasi ardi arrazako ardi aziendak eta piriniar arrazako ahuntz aziendak.

Autentika azokako kartela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun